Goi mailako euskarazko hezkuntza bermatzeko eskatu du guraso talde batek

Euskalerria Irratia 2016ko ekainaren 1a

Argazkia: NUPeko gelategia, artxiboko irudi batean.

NUPeko eta Lanbide Heziketako euskarazko eskaintzari buruzko inkesta erantzun dute 408 gurasok: %97,4k euren seme alabek goi mailan ere euskaraz segitzea nahi dute.

Magisteritza baino ezin da egin euskaraz Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Lanbide Heziketari dagokionez ere, urria da eskaintza. Egoerarekin kezkatuta, galdeketa egin du seme alabak Bigarren Hezkuntzan dituen guraso talde batek. 408 gurasoen babesa izan dute, horiek guztiek erantzun baitute taldeak prestaturiko inkesta.

Lau galdera egin dizkiete. Bat: seme alabek goi mailan ere euskaraz segitzea nahi ote zuten. Bi: nerabeek ikasketak non egitea nahiago duten, aukera errealei so: Iruñean gaztelaniaz ala kanpoan euskaraz. Hiru: zein ote den gazteak Iruñean gaztelaniaz ala kanpoan euskaraz ikasteko hautua egitearen arrazoia. Eta lau: ea nahikoa ote den euskarazko irakaskuntza eskaintza.

Aski argigarriak dira lortutako emaitzak. Lehenengo galderaren karietara, %97,4k esan dute euren seme alabek goi mailan ere euskaraz segitzea nahi dutela. Ikasteko tokiari dagokionez, gurasoen %57,8k nahiago dute ikasleak kanpora joatea, baina euskaraz egitea ikasketak, Iruñean geratu eta erdaraz segitzea baino. %38,7k (158), berriz, adierazi dute Iruñean geratzeren alde egiten dutela. Zergatietan dago gakoa, nolanahi ere. 158 horietatik 119k arrazoi ekonomikoak aitatu dituzte etxekoek kanpoan ez ikasteko.

Amaitzeko, euskarazko eskaintzea eskariaren neurrikoa ote den galdetuta, ezetz diote ahoan bilorik gabe %84,55ek; baietz, %11,27k; eta ez dakite %4,16k.

Seme alabek euskaraz ikas dezaten lanean segituko dutela adierazi dute inkesta zabaldu duten gurasoek, eta, horregatik, ekainaren 4an Eman bide euskarari lelopean gauzatuko den manifestaziora joateko deia zabaldu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!