Aldaketaren erradiografiak

Aldaketaren ebaluazio batzordea

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 25a, 08:42

> Maria Solana (Geroa Bai): ""Uste dut gobernuak gainditu duela urtea eta ez alderantziz. Uste dut hobetzeko tartea handia dela, eta, beraz, 5 eta erdi bat jarriko nioke".> Bakartxo Ruiz (EH Bildu): "Gobernua ez da gai izan aldaketaren pedagogia egiteko".> Laura Perez (Ahal Dugu): "Agian arazoa ez da zein pertsonek osatzen duten gobernu hori, baizik eta akordio programatikoa egiterakoan ez ginela kapazak izan ezberdintasuna izendatzen".> Joseba Ezeolaza (Ezkerra): "Gure militanteak kexu dabiltza, eta hori zilegia da, horrelako tentsio kritiko batean, baina gure jendarteak onartu behar du pazientzia pixka bat behar duela".

Aldaketaren gobernua sostengatzen duten lau indarretako ordezkariak eseri ditugu Euskalerria Irratiko estudioan, aldaketak urtebete bete duen honetan. Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Maria Solana (Geroa Bai), Laura Perez (Ahal Dugu) eta Joseba Ezeolaza (Ezkerra) parlamentariak gurean izan dira, Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean. Nola baloratu ote dute aldaketa?

Akordioa programatikoa izan dute hizpide, lehenik eta behin.

Bakartxo Ruiz (EH Bildu)

"7 eta 8 arteko nota jarriko nioke akordio programatikoari. Denok izango dugu ezinegonen bat arlo batean edo bestean, ez nahiko iruditu zaigu... baina prozesua bera kontuan hartuta, halako akordio sakon bat egin izana... Estatuan ez dagoela halako sakontasunik daukan akordiorik. Aukera ematen duela lau urte hauetan aldaketan sakontzeko".

Maria Solana (Geroa Bai)

"Oso ongidago. 7'5 ematen diot , 8tik hurbilago akaso, ongi baloratu beharreko ahalegina izan baitzen, fruituak eman baitzituen. Lana egiteko gai izan ginen".

Laura Perez (Ahal Dugu)

"Akordio programatikoa egiteko momentuan oso ongi burutu genuen, eduki aldetik 8 jarriko nioke, edo 9, esfortzu ikaragarria egin genuelako, oso akordio anbiziosoa izan zen. Batez ere, lau indar oso ezberdinen arteko adostasunera iristeko kapazak izan ginelako aldaketari garrantzia emanez, beste interesen gainetik".

Joseba Ezeolaza (Ezkerra)

"Nik 7 eta 8 arteko horretan kokatuko nuke. Aldaketa eman zen kontestuan oso garrantzitsua da. Krisi garai batean ginen, eta UPNren gobernu luzeak ere hor zeuden. Egoera horri buelta emateak ikaragarrizko ardura eskatzen zigun. Gure arteko aniztasunaren kudeaketak momentu bantzuetan hutsuneak izan ditu; beste arlo askotan ona izan da".

Gobernu eredua bera aldatu da, lauko gobernuko aginteareakin. Independenteek pisu handia izan dutela ezin da ezbaian jarri. Nola ikusten dute parlamentariek?

Bakartxo Ruiz (EH Bildu)

"4 emanen nioke gobernu ereduari. Zergatik? desadostasunak kudeatzeko moduan, komunikazioarekin ere badu zerikusia... Akaso udal batzuetan hartu den ereduak berme handiagoak ematen ditu aldaketa sakonago, kohesionatuago eta sendoago emateko. Akordioaren garapenean agertzen ez diren hainbat erabakitan, Geroa baik, kontseilariek beraiek, pisu handiegia izan dute, baina egia da oraindik fintzeko daudela hainbat arlo".

Laura Perez (Ahal Dugu)

"Kanpoan geratu ginen ikusi genuenean ez gentozela bat izenak emateko aukerarekin. Nahiko desorekatua iruditzen zitzaigun erabaki hura. Egia da guk ere gure autokritika egin behar dugula. Ikusi dugu eredu hau ez zaigula guri ere gustatzen. Ardurak denoi leporatzen zaizkigu, haien baitan parte hartu ez dugunean. Berraztertu beharko litzateke. 4,5 emanen diot, gainditzeko aukerarekin".

Joseba Ezeolaza (Ezkerra)

"Goberna eratu zenetik, independenteen mito bat plazaratu da. Politikaren garrantzia goraipatu egin behar dugu 6 bat jarriko nioke, orokorrean ongi egiten ari gara. Askotan eredu honek dakar, guk hartu ez ditugun erabaki batzuk gure bizkar hartzea".

Maria Solana (Geroa Bai)

"Eredua ona iruditzen zait. Ez dut uste bestelako eredurik hobe litzatekeenik. Baten batek ez zuen sartu nahi izan kuoten gobernu banaketa batean. Eredua ez da txarra, ikusten da hutsuneak badirela... sumatu dut falta profil politikoago batena. Egia denez lau indar badaudela gobernuaren ildoa markatzen, hori gestionatzea oso zaila litzateke. Akaso hori pixka bat gehiago kontrolatu eta komunikazioa hobetuz gero... Baina eredua iruditzen zait ona. Ontzat ematen dut".

Jarraipen Batzordea sortu zuten gobernua osatzearekin bat, egindako horri pultsua hartu nahian. Horren osasunaren inguruan mintzatu dira politikariak.

Joseba Ezeolaza (Ezkerra)

"Ideia, kontzeptua oso ona izan da, baina iritzi publikoan mantendu ditugun formak, mahai horretara ere eraman ditugu. Ez da izan oso eraikitzailea orain arte".

Laura Perez (Ahal Dugu)

"Agian arazoa ez da zein pertsonek osatzen duten gobernu hori, baizik eta akordio programatikoa egiterakoan ez ginela kapazak izan ezberdintasuna izendatzen. Hainbat tranpa ere jarri genituen. Akordioan zeuden hainbat gauza eufemistikoki aipatu ziren, zehaztasunik,gabe".

"Jarraipen batzordean emate diren irizpideak ez daude argi. Argitu beharko genituzke prozedurak, batzuetan ematen dira sektorialki, baina egin beharko genuke  jarraipen batzorde orokor bat".

Bakartxo Ruiz (EH Bildu)

"Tresna inportante da, eta segur aski ez diogu eman, orain arte, daukan potentzialitate guztia. Findu behar da modu sistematikoan landu. Ikuspegi estrategikoago batetik landu beharko genuke. Urratsak egin dira, adibidez, arloka gero eta gehiagotan elkartzen ari gara, informazioa jasotzen dugu... Tresna moduan desadostasunak kudeatzeko balio behar baldin badu oraindik ez dugu metodo bat baliatu. Ados ez baldin badaude gobernuak erabakitzen du. Akordioak dituen eufemismoak akordio bat dira bere baitan. Esaldi anbiguoago adostasunen baitan kokatzen ditut, jarraipen batzordearen baitan dago horiek izan behar duten garapena zehaztea. Faltan botatzen dudan gauza zehatzena da ikuspegi estrategikoa".

Maria Solana (Geroa Bai)

"6 ematen diot. Uste dut neurtu behar dela eta kontuan hartu behar dugula egiten den lan inportante, potoloa, departamentuka. Egon badago batzordea, eta, gero, kuatripartitoa deritzon horretan, bagaude departamentuka elkartzen garen lau pertsona, bederen. Eta horiek egiten dute jarraipena bakoitzak bere arloan. Horiek egiten dute lana egundokoa".

Komunikazioaren alorrean sartuta, sortu al da aldaketaren diskurtso hegemonikorik?

Maria Solana (Geroa Bai)

"Ez, 4'5. Ez dakigu momentu honetan. Kalera aterata, galdetzen baduzu orokorrean zer egin den, ibiliko ginateke larri. Baina gauza asko egin dira, eta sakonak ere batzuk".

Bakartxo Ruiz (EH Bildu)

"Gabezia handienetako bat da. Barne komunikazioan urrats batzuk eman dira, baina bada lana. Ez dakit erregimenaren diskurtso hegemonikoa erori dela. Ez da erabat desagertu: gobernu honen agenda bakar bakarrik identitarioa dela, agenda abertzale baten baitan ari garela eta bere kezka bezala ikurrina eta euskara inposatzea direla... Horrek ere jendartearen parte zabal batean sarbidea dauka. Gobernua ez da gai izan aldaketaren pedagogia egiteko. Uste dut agenda abertzalea eta agenda sozialaz hitz egiteak ez duela laguntzen eskuinak ezarri nahi duen eskema delako".

Joseba Ezeolaza (Ezkerra)

"Askotan, ezkertiarron artean, eta aurrerakoien artean, aldaketa instituzionalari gehiegi eskatzen diogu. Gure jendartean frustrazioa ematen da, urduritasuna ematen da, edo gehiegizko eskaerak egiten dizkiete erakundeei. Hori bizi izan dut oinarrizko errentaren inguruan. Gure militanteak kexu dabiltza, eta hori zilegia da, horrelako tentsio kritiko batean, baina gure jendarteak onartu behar du pazientzia pixka bat behar duela. Urte batean hain sakonak diren aldaketa batzuk ezin ditugun eman. Elite politikoa, sindikala... sekulako presioa jasaten ari gara, eta sekulako lana behar dugu horri lana emateko".

Laura Perez (Ahal Dugu)

"Badut alde batetik barnetik izan dezakegun ikuspuntua, eta, gero, nirea, herri mugimenduetan izanen banintz... Pazientzia. Baina pazientzia puntu bateraino. Saiatu behar gara elkarlanean aldaketa bultzatzen. Herri mugimenduek hor egon behar dute aldaketa bultzatzen. Aldaketa ezin da guztiona izan, botere ekonomikoaren alde jotzen baduzu, gutxiengoaren alde egiten baduzu...".

Amaitzeko Gobernuaren jarduna bere osotasunean aztertzen ahalegindu dira lau gonbidatuak.

Maria Solana (Geroa Bai)

"Uste dut gobernuak gainditu duela urtea eta ez alderantziz. Uste dut hobetzeko tartea handia dela, eta, beraz, 5 eta erdi bat jarriko nioke".

Laura Perez (Ahal Dugu)

"Erreforma fiskalari buruz Uxuerekin hitz egin genuenean, onartu zuen hemendik urte batera ikusi beharko dugula.Desadostasunak desblokeatzeko baliogarria izan zitekeen proposatu genuen gauza bat proposatu genuen eta ezetz esan ziguten. Lehenengo urtea izateko 6".

Joseba Ezeolaza (Ezkerra)

"Lau puntu zehatz aipatuko ditut. Pobrezia behera doa, %20koa da. Biolentzia ezberdinen biktimen aitorpenean aurrera pauso nabarmena izan da. 500 etxebizitza soziala eraikitzeko plana aurkeztu egin da, eta UPNren garaian ez zen etxebizitza sozialak eraiki. Lau, errenta sozialaren indarra. Lau neurri horiekin oso zenbaki ona ateratzen da".

Bakartxo Ruiz (EH Bildu)

"Erreforma fiskala EH bildutik planteatzen genuen zabaltzea, baina pozik gaude lauron arteko adostasun moduan kriston aurrerapausoa delako eta tresna eraginkorra izanen da aurrerantzean. Negatiboa: alderdiek konplexuak oraindik izatea. Lau indarrok erantzukizunez jokatzeko determinazio horrek ere badauzka alde labainkorrak. Gauza batzuetan ados ez bagaude ere, ez naiz ariko aroztegiaz, erabakiak hartzen direnean, nahiz eta gauza batzuetan ados ez egon, zaindu behar dira formak. 5'5".

 


EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!