Euskarazko haur eskolak bermatzeko eskatu diote udalari kaltetutako familiek

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 23a, 13:11

Argazkia: Euskarazko haur eskolen aldeko gurasoak, udaletxe parean.

Haur eskolen eskaintza "desorekatua eta ulergaitza" dela salatu, eta hizkuntza eredu aldaketa etetea "bidegabea" adierazi dute.

Iruñeko Udalari lau eskaera zehatz egin dizkiote: seme alabak euskaraz hezteko hizkuntz eskubidea bermatu dezala; berdintasun irizpideak eta kontziliaziokoak aintzat hartzeko, bizitokitik gertu dauden zentroak eskainiz; plaza kopurua emendatzeko; eta aurrematrikulazioan egindako eskaintzari hel diezaiola.

Egunero "hamarnaka kilometro" egin dituzte haur euskaldunen senideek, euskaldundu daitezen, eta, beraz, orain bi zentroen hizkuntza aldaketan udalak atzera egin ezin duela deritzote. "Orain eskaintza hori orekatzen hasia zela bat-batean neurri bidegabe batzuekin egin dugu topo. Gogoratu behar dugu Udalak planteatutako aldaketek familia askoren egoera arinduko dutela, baina inolaz ere ez dute  gutariko askoren egoera konponduko. Izan ere, guk egiten dugun hautua, euskarazko Haur Eskola, Iruñeko 4 auzotan besterik ez baita eskainiko", esan dute, prentsa ohar baten bidez.

Euskarazko haur eskolen kontrako helegitea aurkeztu dutenen egoera ere hartu dute hizpide: "ulertzen dugu helegitea jarri duten gurasoen ezinegona, aldaketa guztiek holako egoerak sortzen baitituzte; eta orain, gehienez jota 10 minutuko bidaiak egin behar izateak konplikazioa eragiten ahal baitie, baina ez dugu uste helegite bat jartzerainokoa denik. Gatazken konponbiderako judizializazioaren bidearekin ez gatoz bat".

Hala, "elkartasuna" aitatu dute, bestelako bide batzuk jorratzeko asmotan. "Guztion artean enpatia eta elkartasun minimo bat izatea gustatuko litzaiguke, bidea hori dela deritzogu. Iruñeko haurren eskubideaz ari gara, eta 0-3 urteko tartean ere, hezkuntza duin bat eskatzen dugu, hizkuntza eskubideak barne. Esan  bezala, urteetako diskriminazio eta bazterkeria egoeratik gatoz Eta orain, badugu bideratu eta orekatzen joateko aukera, probestu dezagun, gure hiriaren eta biztanleria osoaren onurako izango da eta".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!