Aldaketaren erradiografiak

Aldaketaren erradiografia

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 24a, 08:13

Aldaketaren aldeko lau indarrek akordio programatikoa aurkeztu zuten eguna (Argazkia: Podemos-Ahal Dugu).

> Euskalerria Irratiak programazio berezia prestatu du, aldaketa eragin zuen M24-aren urteurrenean. Uxue Barkos lehendakaria, Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Euskarabideako eta euskalgintzako ordezkariak eta hainbat gizarte eragile pasako dira irratitik.

Aldaketaren galderak

Bihar, aldaketak urte bete eginen du: 2015eko maiatzaren 24an egin zituzten udal eta foru hauteskundeak, Nafarroako erakundeetan aurrekaririk gabeko aldaketa eragin zuten bozketak. Urteurrena kontura, eta aurki frekuentzia aldaketa eginen duela-eta, aldaketaren erradiografia eginen du Euskalerria Irratiak.

Erakundeak kudeatzea aski izan al da aldaketa sozial eta politiko erreala abian jarri ahal izateko? Aldaketa soziologikorik gertatu al da? Zertan dira aldaketaren aldeko lau indarren arteko harremanak? Nortzuk irabazten ari dira borroka komunikatiboa, aldaketaren aldekoak ala kontrakoak? Zer egin daiteke legealdiaren hasierako izarra izaten ari den euskararen inposizioaren mamua desaktibatzeko?

Galdera horiek guztiak eta gehiago erantzuten ahaleginduko dira irrati iruindarrean, politikarien, soziologoen, kazetarien, euskaltzaleen eta gizarte eragileen laguntzaz. Konparaziora, gaur, 9:30ean, Nafarroako soziologoen dekano Carlos Vilches elkarrizketatuko dute.

Bihar, ordu berean, eta bideo treaming bidez zabaldurik, Aingeru Epaltza, Floren Aoiz, Hedoi Etxarte eta David Garnatxorekin eginen dute mahai-ingurua, 2015eko maiatzaren 25ean egin bezala. Solasaldi guztiak euskalerriairratia.eus webgunean bideo-streaming bidez ikusi ahal izanen dira.

Frekuentzia aldaketa

Aldaketa politikoaren urteurrena frekuentzia aldaketari loturik dator. Gauzak ongi, programazio berezi hau amaitu aurretik, Euskalerria Irratiak frekuentzia berria estreinatuko du: FM 98.3. Opus Deiren unibertsitatearen irratiak asteazkenean hustu zuen frekuentzia hori.

1998an abiaturiko prozesu administratibo eta judizial luze baten ondotik, eta Espainiako Auzitegi Gorenak eta Barcina lehendakariak izendaturiko Kontratazio Mahaiak hala erabakita, Euskalerria Irratiak abuztuan jaso zuen FMko 98.3an emititzeko lizentzia.

Ordura arte, Opus Deiren unibertsitatearen irratiak erabiltzen zuen frekuentzia hori, UPNren gobernuek irregularki emandako lizentziari esker. Eta hantxe emititzen segitu du ahal izan duen denbora guztia, euskarazko komunikazioari beste behin ere trabak jarriz.

Programazio berezia

Solasaldi guztiok 9:30ean aireratuko dituzte, Uxue Barkos lehendakariarena izan ezik. Azken hori 10:30ean izanen da.

MAIATZAK 23, ASTELEHENA

Barcinatik Barkosera, zer aldatu da Nafarroako gizartean?

Karlos Vilches (Nafarroako soziologoen dekanoa).

MAIATZAK 24, ASTEARTEA

Aldaketaren ebaluazio batzordea.

Aingeru Epaltza (idazlea).

Floren Aoiz (idazlea).

Hedoi Etxarte (idazlea).

David Garnatxo (kudeatzailea).

MAIATZAK 25, ASTEAZKENA

Aldaketan, zenbat buru hainbat aburu? (Parlamentarien solasaldia)

Maria Solana (Geroa Bai).

Bakartxo Ruiz (EH Bildu).

Eduardo Santos (Ahal Dugu).

Ioseba Ezeolaza (Izquierda Ezkerra).

MAIATZAK 26, OSTEGUNA

Aldaketaren hiri buruzagia (Iruñeko zinegotzien solasaldia).

Patri Perales (EH Bildu).

Itziar Gomez (Geroa Bai).

Aitor Balbas (Aranzadi).

Edurne Egino (Izquierda Ezkerra).

MAIATZAK 27, OSTIRALA

Aldaketa: komunikazioa-inkomunikazioa.

Joxerra Senar (Berria).

Martxelo Diaz (Gara).

Ibai Fernandez (Diario de Noticias).

MAIATZAK 30, ASTELEHENA

Nola aurre egin euskararen inposizioaren mamuari?

Mikel Arregi (Euskarabidea).

Garbiñe Petriati (Behatokia).

Oskar Zapata (Topagunea).

EKAINAK 2, OSTEGUNA

Joseba Asiron, Iruñeko alkatea.

EKAINAK 6, ASTELEHENA

Inaki Iriarte, UPNko parlamentaria.

EKAINAK 7, ASTELEHENA

Elkarrizketa.

Uxue Barkos lehendakaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!