Parlamentarien solasaldia: Carmen Albaren dimisioaren bila

Euskalerria Irratia 2016ko maiatzaren 18a

Argazkia: Santos, Ruiz, Argiñarena, Ezeolaza eta Solana.

> Bakartxo Ruiz (EH Bildu): "Gobernu delegatuaren figura ez da bat ere demokratikoa. Gainera, Carmen Albak puntu gehien eramaten du...".
> Maria Solana (Geroa Bai): "Oso grabea iruditzen zait elkartu nahi izatea Mikel Zabalzaren irudia ETArekin; oso grabea iruditzen zait bereizi nahi izatea Mikel Zabalzaren izena torturatik".
> Eduardo Santos (Ahal Dugu): "Aipatu egin duzue [Alba] fededuna dela eta fededunak oso arriskutsuak dira politikan".
> Joseba Ezeolaza (Ezkerra): "Berak oposizio politikoa egiteko erabiltzen du bere kargua eta hori da gauza oso larria".

Pil pilean dauden auziak landu dituzte Geroa Baiko Maria Solana, EH Bilduko Bakartxo Ruiz eta Ezkerrako Joseba Ezeolaza parlamentariek, zein Eduardo Santos Ahal Duguko kideak, Pello Argiñarena kazetariak gidatuta.

Carmen Albaren figura, ezbaian

Mikel Zabalzaren aldeko murala ezabatzeko eskatu du Carmen Albak, Espainiako Gobernuko ordezkariak. Aldaketaren aldeko lau indarrek, aldiz, Albak dimisioa aurkez dezan eskatu dute.

Bakartxo Ruiz (EH Bildu)

"Gobernu delegatuaren figura ez da bat ere demokratikoa. Gainera, Carmen Albak puntu gehien eramaten du... Kasu honek badu larritasun handiagoa, kontuan hartuta Carmen Albak berak defendatu zuela biktima polizialen legearen aldeko kontrako helegitea. Mikel Zabalza errekonozitua ez izateko berak hartu zuen iniziatiba".

Maria Solana (Geroa Bai)

"Burlatakoa oso operazio surrealista izan zen. Lekuz kanpoko eta momentuz kanpoko operazio bat besterik ez. Horren ondotik, eta Mikel Zabalzarekin gertatukoaren ondotik, egin du berriz. Oso grabea iruditzen zait elkartu nahi izatea Mikel Zabalzaren irudia ETArekin; oso grabea iruditzen zait bereizi nahi izatea Mikel Zabalzaren izena torturatik. Mikel bada torturaren biktima bat".

Eduardo Santos (Ahal Dugu)

"Aipatu egin duzue [Alba] fededuna dela eta fededunak oso arriskutsuak dira politikan. zerbait defendatzeagatik hasten bazara politikan oso arriskutsua zara. Carmen Albaren axolagabetasuna Mikel Zabalzaren kasuan oso arriskutsua da. Nahasten du biktimaren irudia".

"Tortura ez dela existitzen esatea oso jarrera arriskutsua da. Hori da erantzukizun falta handia. Torturaren kontuarekin ez dakit zer gertatzen zaion".

Joseba Ezeolaza (Ezkerra)

"Gehiegikerien zerrenda oso luzea da Carmen Albaren kasuan. Berak oposizio politikoa egiteko erabiltzen du bere kargua eta hori da gauza oso larria. Bera delegatu bat da, ez da parlamentari bat"

Basque Lives Matter kanpainaren ostekoak

Akordioa erdietsi dute Ekineko kide izatea leporatutako bederatzi lagunek. Eta hori izan dute parlamentariek bigarren mintzagai.

Maria Solana (Geroa Bai)

"Ukaezina da politikoki zer nolako jokabidea izan zen, nola judizializatu den ekintza politikoa, eta zenbat jendek ordaindu duen ordaindu behar ez zuena".

Bakartxo Ruiz (EH Bildu)

"Hamarnaka eta hamarnaka pertsona epaituak izan dira, ez ETAko kide izateagatik, baizik eta lan politiko soila egiteagatik. Akordio horiekin bide bat egiten ari da. Lan politikoa egiteagatik inor ezin da kartzelan sartuko".

Eduardo Santos (Ahal Dugu)

"Epaiketa guzti horiek kutsu antidemokratikoa dute. Hori alde batetik. Beste aldetik, norabide aldaketa izan da estatutik eta akusatuen partetik. Akordio batera iritsi dira. Lehengo jarrera aldatu da: lehen zen ezer ez onartzea, orain onartzen da zigor bat"

Joseba Ezeolaza (Ezkerra)

"Epaiketa politikoak soberan zeuden eta soberan daude. Estatu demokratiko batean horrela mantentzea bidegabekeria da. Gauzak normalizatu egin behar dira. Dispertsioarekin amaitu behar dute, gaixorik dauden presoak kaleratu behar dira eta epaiketa politikoekin amaitu behar dute".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!