Nafarroan Espainiako ordezkaria den Carmen Albaren dimisioa eskatu du gaur Parlamentuak. Mikel Zabalzaren omenez egindako pintaketa baten harira izandako jarrera, jokaera eta adierazpenak errefusatu dituzte. Terrorismoaren gorazarrearekin erlazionatu zuen Albak Zabalza eta hala, Agoizko Udalari eskatu zion ezaba zezala haren aldeko pintaketa eta torturaren aurkako margoketa.
Gobernuaren eskaera jendaurrean zabaldu ondotik, bere burua justifikatu nahi izan zuen Albak esanez, inondik ere ez dela Mikel Zabalza ETArekin erlazionatzen eta iraingarriak diren hitzak, aztnugal eta tortura direla, estatuko segurtasun indarrak iraintzen dituztelako.
Akatsa baina, egina zegoen eta Gobernua babesten duten lau alderdiek justifikazio hori eskertu arren, ordezkariaren dimisioa eskatu dute. Alderdi sozialista abstenitu egin da eta adierazpenaren aurka bozkatu dute UPNk eta PPk. Javier Esparzarentzat ezker abertzalearen estrategia dira halako adierazpenak.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak babestu dute dimisio eskaera hori. Bide berean, babesa eskaini diote Zabalza zenaren senitartekoei eta Agoizko Udalari. Biktima guztien alde ariko direla ere jaso dute adierazpen horretan.