Omenaldia Kasedan, 1936an fusilatutako hiru bizilagun gogoratzeko

Euskalerria Irratia 2016ko maiatzaren 16a

Kasedako hiru bizilagun omendu dituzte larunbatean. Kolpe militarrean hil zituzten eta iaz euren gorpuzkinak aurkitu dituzten Lezaunen. Hileta "duina" egin diete herritarrek.

Hileta egin dute Kasedan. 1936an hil zituzten hiru bizilagun izan dituzte gogoan omenaldi jendetsu batean. Kolpe militarrean hil zituzten Marcelino Ginda Martinez eta Alfonso Ginda Perez. Identifikatu gabeko beste hirugarren baten gorpuzkina ere lurperatu dute. 2015eko ekainean atera zituzten lurpetik Aranzadi ikerketa taldearen eskutik. DNA frogak egin zizkieten eta identifikatzeko aukera eskaini zien horrek.

Kasedako udaletxean izan da omenaldiaren unerik hunkigarrienetakoa. Nafarroako Gobernuko eledunek hiru fusilatutakoen gorpuzkinak eman dizkietenean senitartekoei. Ekitaldia udaletxearen kanpoko aldean izan zen gero. Hileta eta omenaldia eskaini zieten hiru bizilagun horiei. Gorpuzkinak herriko hilerrian lurperatuko dituzte modu "duinean".

1936ko uztailaren 28an hil zituzten eta Lezaunen agertu ziren iaz hiruen gorpuzkinak. Marcelino Ginda UGTko afiliatua zen eta nekazaria. 49 urterekin hil zuten. Alfonso Ginda UGT sindikatuko idazkaria zen, 54 urterekin fusilatu zuten. Hirugarrena identifikatua ez dagoen arren, DNA frogen arabera 24 edo 25 urteko gaztea zen, litekeena da Bardeako Kanalean lanean izatea eta errioxarra izatea jaiotzez.

52 fusilatu herrian

Fusilatuak eta desagertuak. Gutxienez 52 bizilagun izan ziren 1936ean hil zituztenak. Horiek guztiak ekarri dituzte gogora asteburuan Kasedan. Horien artean, orain gutxi ezagutu dira 9 herritarren izenak. Horiek ere fusilatu zituzten baina ez zen haien berri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!