Iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren aurka borrokatzeko batzordea abian

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 11a, 20:50


Foru Administrazioak, Parlamentuak, sindikatuek eta Foru Komunitateko erakunde sozioekonomikoek osatuko dute batzordea. Iaz, iruzurraren aurka borrokatzeko lanari esker, 75,2 milioi euro bildu ziren foruko diru-kutxan.

Nafarroako Gobernuak gaurko bileran erabaki du iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren aurka borrokatzeko batzordea sortzea; batzorde hori Foru Administrazioak, Parlamentuak. sindikatuek eta Foru Komunitateko erakunde sozioekonomikoek osatuko dute. Organo iraunkor berri horren helburu nagusia iruzurra egiten dutenen aurka prestatutako neurriak betetzea da.

Gobernuaren aburuz, iruzur fiskalaren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka Gobernuaren nahiz Foru Komunitateko gainerako erakundeen helburu nagusietako bat da, orokortasun, berdintasun eta justiziako zerga-printzipioak betetzeko asmoz.

Organo berria 24 pertsonak osatzen dute, honako era honetan banatuta: Nafarroako Gobernuko 5 ordezkari, Foru Parlamentuko 7 (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, I-E, UPN, PSN eta PP) sindikatuetako 4 (UGT, CCOO, ELA eta LAB), eta erakunde sozioekonomikoetako 7 ordezkari (CEN, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Lan Enpresen Elkartea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Iruñeko Abokatuen Elkargoa, Espainiako Zerga Aholkularien Elkartea, eta Nafarroako ATTAC elkartea,justizia ekonomiko orokorra bilatzen duen mugimendu independente bat).

Iaz, iruzurraren aurka borrokatzeko lanari esker, 75,2 milioi euro bildu ziren foruko diru-kutxan.

Hiru hilean behingo ohiko bilkura

Batzordea derrigorrez eta ohiko bilkuran hiru hilean behin elkartuko da, eta modu berezian batzordeburuak hala deitzen duenean. Edozein unetan pertsona jakin batzuen aholkularitza eskatu ahalko du, egokiak iruditzen zaizkionak beren ezagutza, prestakuntza, ospe eta beste egoera batzuengatik.

Gaurko bileran onartutako arauek diotenez, batzordearen eginkizunak dira: Foru Gobernuak berak iruzurraren eta ezkutuko ekonomiaren aurkako borroka-arloan egindako jarduerak aztertzea; borroka horren jarduteko plan nahiz programen berri izatea; plan eta neurrien jarraipena egitea, eta bere eskumeneko arloan lotesleak ez diren proposamenak egitea.

24 kide

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburu izango da batzordeburua. Foru Administrazioak ere ordezkariak izango ditu Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaile Luis Esainekin; Zergak Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendari Oscar Martinez de Bujandarekin; Araudia Garatzeko eta Aholkularitza Juridikoko Zerbitzuko zuzendari Javier Zabaletarekin eta Berrindustrializazio, Lehiakortasun eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuko zuzendari Jose Felix Garcia Tinocorekin.

Talde parlamentario guztietako ordezkariak ere izango ditu, zehazki: Unión del Pueblo Navarroko Juan Luis Sanchez de Muniain; Geroa Baiko Jokin Castiella Imaz; Nafarroako EH Bilduko Adolfo Araiz Flamarique; Podemos-Ahal Duguko Maria Fátima Andreo Vázquez; Nafarroako Alderdi Sozialistako Ainhoa Unzu Gárate; Nafarroako Alderdi Popularreko Ana Beltrán Villalba; eta Izquierda-Ezkerrako María Jesús González de San Román.

Ordezkaritza handieneko lau sindikatuak ere izango dira, honako hauek: Comisiones Obrerasko David Escobosa Jiménez; Eusko Langile Alkartasuneko Iñaki Zabaleta Aramendia; Langile Abertzale Batzordeko Imanol Karrera Turrillo eta Unión General de Trabajadoresko Jesús Santos Pérez

Azkenik, beste erakunde sozioekonomiko batzuetako ordezkari titularrak izango dira: Nafarroako Enpresarien Konfederazioko Carlos Fernández Valdivieso; Nafarroako Lan Enpresen Elkarteko Javier Remírez Marrodán; Iruñeko Abokatuen Elkargoko Celso Galar Baranguá; Espainiako Zerga Aholkularien Elkarteko Mª Teresa Azcona San Julián; ATTAC elkarteko Josu Pardo Gurpegui; Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko Pablo Azcona Molinet eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hugo Lopez Lopez.

Batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazioko Araubidearen Atalburua izango da. Kide guztiak Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu lau urteko mandatu baterako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!