PPko eledunak, Ana Beltranek mozio bidez dagoeneko Nafarroako Parlamentuan jarrita dagoen plaka bat eskatu du gaur. Nafarroan ETAk hil dituen langile publikoen izen-abizenak jasoko dituen xafla jartzeko proposamena egin du, nahiz eta plaka hori 2014an jarri zuten.
Gobernua babesten duten alderdiek gogorarazi dute 2014an jarri zutela Parlamentuan izen-abizenez osatutako oroimenezko plaka. Ainhoa Aznarez legebiltzarreko presidenteak nabarmendu du “duela bi urte ETAren biktimekiko errespetua erakutsiz jarritako plaka eskatzen ari dira berriz alderdi popularreko kideak” eta gaineratu du “egiten diren eta hartzen diren erabakiak kontuan ez dituztela hartzen”.