Lanbide Heziketan izen emateko epea, zabalik

Euskalerria Irratia 2016ko maiatzaren 9a

Gaurtik ostiralera eman beharko dute izena halako zikloren batean ikasi nahi dutenek.

Lanbide Heziketak ikasle ugari ditu Nafarroan. Aurten 11.000 baino gehiago ari dira Erdi eta Goi mailako zikloren bat egiten. Heldu den ikasturteari begira jarrita, Jose Luiz Mendoza Hezkuntza kontseilariak iragarri du bi titulu berri izanen direla: bat erdi mailakoa izanen da Bideo Disc-jockey eta Soinua eta Goi Mailakoa bestea  Ikus-entzunetarako eta Ikuskizunetarako Soinua.

Bestalde, erdi mailako eskaintzan euskaraz izanen da Erizaintzaren Laguntza zikloa. Oinarrizko Lanbide Heziketako eskaintzari dagokionez Donapean euskaraz emango da Administrazio Zerbitzuak zikloa.Hezkuntza Kontseilariak iragarri duen bestea, aurre-matrikulazio epea. Gaurtik ostiralera eman beharko dute izena halako zikloren batean ikasi nahi dutenek.

Lan merkatuarekin duen harreman zuzenagatik indartzen eta kalitatez hornitzen segitzeko asmoa du Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketa. Agerian utzi nahi izan duen bestea da, ez dela jada derrigorrezkoa izanen Lanbide Heziketako Erdi Ziklotik Goi ziklora pasatzeko azterketa egitea. Eta hori, hartutako neurrietako bat da aurrera eramaten ari diren plangintzan. Izan ere, lege aldaketak inprobisaziora eraman dute Espainiako Gobernua eta Nafarroan ahalik eta eragin txikiena izan dezan ari dira lanean.

Heldu den ikasturtean Lanbide Heziketa egin nahi duen horrek izen eman beharko du aste honetan berean. 1.925 plaza daude erdi mailako zikloetarako, 1.845 goi mailakoetarako eta 564 lanbide heziketa oinarrizkoa egin ahal izateko.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!