1984an sortua, Herri Urrats elkarteak urtero, maiatzaren bigarren igandean Senpereko Aintziran, Herri Urrats besta antolatzen du. Lehengo urtean, 5000 lagun bildu zuen elgarretaratze horrek urtez urte arrakastatsuagoa izan da. Gaurregun Euskal Herriko euskalzale guziak biltzen dira euskara eta Seaskako ikastolak sustengatzeko.
Besta honen helburua dirua biltzea da, Seaskak behar duen finantzamendua, lanak edo eraikin proiektuak dituzten ikastolak laguntzeko.
Aurtengo leloa da "Jalgi". Bernat Etxepare Lizeoa izanen du helburu, izan ere, eraikin berri bat sortzeko proiektu bat abian da ikastetxe berria 2017rako kokapen berrian izan dadin. Eraikin berri honetan Seaskako lehen sare profesionala idekiko da, Ipar Euskal Herriko haur eta gazteendako euskaraz ikasteko eskaintza zabaltzeko helburuarekin.
Lizeoak euskarazko lehen idazle ezagunaren izena duenez, honen erranaldi ospetxuenak oroitarazi nahi ditu Herri Urratsek: "euskara, jalgi hadi plazara... jalgi hadi mundura". Horregatik aurtengo edizioaren leloa hauxe izanen da: "Jalgi".
Lelo horren inguruan, Herri Urratsen komunikazio taldeak atxikirik duzuen logoa diseinatu du. Euskara mundura atera dadin, euskaldunoi dagokigu jauzia egitea, alai eta baikor, gure hizkuntza zaharrak merezi duelako. 2016ko Herri Urratsek jauzi hori egiteko gomita egiten du, logoan ageri den Senpereko aintziratik mundu osora. Euskarak baduelako han eta hemen bere lekua.