Hautagaitza bateraturik ez Nafarroan, antza denez

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 5a, 19:56

Ahal Dugu-k ofizialki bihar erabakiko duen arren, EH Bildurekiko koalizioa ukatu du Pablo Iglesiasek. Asteartean herritarren kontseiluak ere aho batez ezetz esan zion hautagaitza bateratuari.

COPE irratian egin dioten elkarrizketan Pablo Iglesiasek  Ahal Dugu eta EH Bildu hauteskundeetara koalizioan aurkezteko aukera ukatu du. Bi alderdien artean  “alde politiko nabarmena” dagoela adierazi du. “Beraiek independentistak dira; gu ez” azpimarratu du Iglesiasek.

Bere aldetik Laura Perezek esan du ez dela “baztertua” sentitzen, Nafarroan erakutsi dutela “tabuak apurtzearen beldur” ez direla eta koalizioez eztabaida egin daitekeela baita estatu mailan ere.  Ahal Dugu-ko iturrien arabera joan den ostiralean Laura Perezek txosten batean Pablo Echenique Podemoseko antolamendu idazkariari proposatu zion formula bateratu bat aztertu eta bertan bat egitea beste hiru alderdiekin. Hautagaitza horri ere izena ere jarri zion, Podemos-Elkarrekin. Dena den, eta iturri horiek azaldu dutenaren arabera, Perezek proposamen hori ez zuen koordinazio batzordeko idazkariekin kontsultatu, eta herritarren kontseiluari txosten hori bidali zuela jakinaraztera mugatu zen.

Geroa Bai eta EH Bildu aurrera

EH Bilduk, berriz, ohar bidez adierazi du «hautagaitza bateratua lortzeko lanean» jarraituko duela. Koalizioaren ustez, estatuko demokratizazioan aurrera egiteko «aukera paregabea» dago. Geroa Baik ere uste du aukerarik onena dela «estatuan aldaketa ahalbidetzeko».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!