30 milioi euro gehiago mikroETEeak eta ekintzaileak finantzatzeko

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 2a, 19:40

Oinarri berme-sozietatearekin eta sei banketxerekin akordio bat izenpetu du Ayerdik enpresa oso txikietarako kreditua mugiarazteko.

Hiru aldetara egindako hitzarmen baten sinadura-ekitaldia egin da gaur Nafarroako Jauregian. Foru Gobernuak (Sodena), Oinarria elkarrekiko berme-sozietateak eta sei banketxek izenpetu dute eta, hari esker, gehienez ere bi urteko epean ETE, mikroETE, pertsona autonomo eta ekintzaileentzat 30 milioi euroko finantzaketa mugiaraziko da.

Sinadura-ekitaldian izan dira: Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdi, Sodenaren ordezkaritzan; Pío Aguirre (Oinarri); Luis Borra (BBVA), Francisco Javier Barra (Banco Popular), Abraham del Pozo (Banco Sabadell), Juan Mª Ayechu (Caja Rural de Navarra), Ana Díez Fontana (Caixabank) eta Javier Cortajarena (Laboral Kutxa).

Hilabeteren buruan formalizatzen den bigarren neurria da Foru Komunitateko enpresa txikietarako finantzaketa errazte aldera. Apiril hasieran, Nafarroak 2016an Elkargi eta Sonagar elkarrekiko berme-sozietateek ETEkin egindako eragiketen % 25 babestea erabaki zuen, 36 milioi euro gehienez (abalen % 25). "Berriz emandako abal autonomiko" horrek 200 milioi baino gehiagoko enpresa-inbertsioak erraztuko ditu.

Oraingoan, Sodenak, kredituen eskuratzea mugitzeko ekintzen barnean, baldintzen "pakete itxi" baten prestakuntzan lan egin du, eta haiek oso interesgarriak izan daitezke enpresa oso txikietarako (150.000 euroraino) eta autonomoen araubide modura ekin nahi dutenentzat edo merkataritza-sozietate baten bitartez (50.000 euroraino). Haiei, bereziki, ez zaie bermerik eskatuko.

"Beren etxea berme modura jarri gabe ekintzailetzari heldu ahalko diote. Enpresa-proiektua da giltzarria, ez ondarea. Hala, ekintzailetzarako oztopo garrantzitsu bat murriztu nahi dugu", adierazi du Ayerdi lehendakariordeak; azken horrek erakunde sinatzaileek Nafarroako garapen ekonomikoarekin erakutsitako konpromisoa eskertu du. "Enpresa-proiektuak abian jartzeko beharrezkoak diren banku-finantzaketarako berme hobeak eta gehiago izaten utziko duen tresna bat dugu" esan du.

Akordioak banketxeak sartzen ditu tartean, eta barneratzen dira: kasu honetan Oinarrirena den abala (banketxeek finantzaketa ematea errazten du), eta finantzaketa-mota, gehieneko zenbatekoak, epea, amortizazioa, interes-mota eta bermeak.

Finantza-erakundeek, gainera, arriskuaren zati bat bere gain hartzen dute. Zehazki, arriskuaren % 25 autonomo, mikro-enpresa eta ETEen finantzaketa nahiz finkapenean. Eta % 12 proiektu berri baten finantzaketan (ekintzaileentzako lerroa). Abala egikaritzen bada, Oinarrik % 75 eta % 88 bere gain hartzen du, hurrenez hurren. Bi eragileek –Oinarri eta banketxea– eragiketen aurretik zehatu beharko dute.

150.000 euroraino mikroETE eta autonomoentzat

Hitzarmenak bi lerro jasotzen ditu: lehenengoa, krisi-egoeran ez dauden autonomo, mikro-enpresa eta ETEak finantzatu eta finkatzeko, eta bigarrena, ekintzailetza babesteko beste berezi bat.

Lehenengora 20 milioi euro bideratuko dira mailegu edo leasing-etarako 25.000 eta 150.000 queo arteko zenbatekoekin. Kopurua itzultzeko, 10 urteko epea izango dute inbertsioetarako eta 7 urtekoa likideziarako, gabealdiko urtebeteko aukera barne. Zenbatekoetan, hipotekarena esplizituko baztertzen da.

Emandako mailegu/leasing-eko eragiketei aplika dakiekeen interes-tasak aldakorra edo finkoa izan ahalko du. Autonomo, mikro-enpresa eta ETEen lerrorako, tasa aldakor bat aplikatuko da (Euribor + portzentajearen 2 puntu, urtero berrikusita), edo % 4ko tasa finkoa.

50.000 euroraino ekintzailetzari heltzeko bermerik gabe

Ekintzailetzari laguntzeko lerrorako, 10 milioi euroko hasierako finantzaketa bat aurreikusi da, eta hura 50.000 euroraino inbertsioetarako da laguntzeko likidezia txiki batekin mailegu edo leasing-eko modalitateetarako. Itzultzeko epea 7 urte artekoa izango da, urtebeteko gabealdiarekin.

Eragiketa horiek egin ahalko dituzte merkataritza aldetik Nafarroan finkatuta dauden proiektu berriek (hasi gabeko jarduera edo bi urte baino gutxiagoko antzinatasuna); langileak dituztenek eta krisi-egoeran ez daudenek, Pertsona ekintzaileek eragiketaren % 15 jarri beharko dute. Proiektua balorazioko zeregin horretaz arduratzen diren erakundeek ikuskatuko dute (CEIN sozietate publikoa, Nafar Lansarea, ANEL, Gaztenpresa…).

Ekintzailetza-lerroan, interes-tasa aldakorra euribor+2,50 izango da edo % 4ko finkoa. Bietan % 0,5eko mailegu/leasing-a irekitzeko komisio bat aplikatuko da. Mailegu/leasing-ek ez dute komisiorik edo gastu gehigarririk izango.

Banketxearen eta finantzaketa bilatzen duen pertsona edo enpresaren arteko akordioa Oinarrik zehatu beharko du. Izapidetze-epeak hiruzpalau aste iraungo du.

Oinarri

Oinarri elkarrekiko berme-sozietate bat da, autonomoen eta enpresa txiki eta ertainen finantzaketan espezializatuta dago, bai eta Ekonomia Sozialeko enpresetan ere (Kooperatibak, Lan Sozietateak, fundazioak, elkarteak...). Bazkide diren 3.600 enpresa baino gehiagoko oinarria duen sozietatea Estatuko seigarren elkarrekiko berme-sozietatea da formalizatutako abal-bolumenean.

Nafarroan Ekonomia Sozialaren eremuan lan egiten du aspalditik, eta 2014tik aurrera era guztietako ETEei eta autonomoei arreta ematen die, haien forma juridiko, jarduera eta tamainari erreparatu gabe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!