Bigarren aldiz eginen dute Nafarroako Kutxaren desagerpenaren zergatiak ikertzeko batzordea Parlamentuan. gaur goizean osatu dute, eta Geroa Baiko Unai Hualde hautatu dute presidente.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk, Izquierda-Ezkerrak eta PSNk ahalbidetu dute batzordearen eraketa, lehenengo lauen proposamena izanik eta alderdi sozialistak alde bozkatuta.
UPNko Luis Casado eta Luis Zarraluqui izanen dira; Geroa Baiko Koldo Martinez eta Unai Hualde; EH Bilduko Adolfo Araiz eta Arantxa Izurdiaga; Podemos-Ahal Duguko Laura Perez eta Tere Saez; PSNko Guzman Garmendia eta Inma Jurio; PPko Ana Beltran eta Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simon izanen dira batzorde horretan.
Zein izanen da oraingoa, xedea?
Nafarroako Kutxak izan zituen zereginak eta aurrera eramandako ekimenak aztertuko dituzte Parlamentuan. Horien guztien informazioa ikuskatuta, CAN desagertzea zerk eragin zuen jakiteko aukera izanen dela uste dute. Finantziazio entitate izateari zergatik utzi zion jakitea da gakoa. Horrez gain, ordezkari politikoen jokaera, jarrera eta asmoak aztertuko ditu eta hala, ardurak eskatuko ditu jokaldiren bat okerra izan bada. CANen kudeatzaileen jarduna ere aztertuko dute eta egun CANeko ondarea zertan den ere ikertuko dute.
Gaur hasiko da lanean ikerketa batzordea eta irailaren 30ean amaitutzat eman dezakete euren zeregina. Hori bai, argitu gabeko gaiak geratuko balira, denboran gehiago luza liteke batzordea.