Zizurko eta Ezkabako Iñaki Ochoa de Olza institutuetan DBH eleaniztuna izanen dute heldu den ikasturtean

Euskalerria Irratia 2016ko api. 26a, 20:23

Jose Luis Mendoza, Arg: Dani Blanco, Argia.

PAIren ebaluazioa eta luzamendua programa hobetzeko “behin-behineko ezinbesteko neurria” dela berretsi du Mendozak Parlamentuan.

Jose Luis Mendoza Hezkuntza Kontseilariak  agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan berak hala eskatuta, PAIren inguruko ebaluazioaz eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eleaniztunaren ezarpenaz hitz egiteko.  

Heldu den urtean Zizur Nagusiko Catalina de Foix eta Camino de Santiago eta Txantrea-Ezkabako Iñaki Ochoa de Olza institutuetan Bigarren Hezkuntza eleaniztuna izanen dute Lehen Hezkuntzan PAI programan ikasi duten ikasle berriek.  Hauek zuzenean hartu ahal izanen dute aukera hori. PAI programan ikasi ez dutenek aukera izanen dute sartzeko, baina aldez aurretik mailaketa froga bat egin ondoren. Ikasleek bi ikasgai izanen dute ingelesez eta ingelesa ikasgai gisa. Denera 8 ordu astean gutxienez eta 12 gehienez.

Neurri hau “zabalgarria” dela esan du Mendozak, egun 106 baitira PAI programa duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeak Nafarroan.

British eredua duten ikastetxeei buruz Mendozak esan du jarraipena izanen dutela dagozkien institutuetan, bere garaian sinatu zuten bezala. Horrela, Jose María Huarte ikastetxe publikokoak Basoko institutura joanen dira.

PAI programaren ebaluazioaz  Mendozak berretsi du “ezinbestekoa” dela programak dituen akatsak zuzentzeko eta behar dituen baliabideak emateko eta kritikatu ditu atzerriko hizkuntzen irakaskuntzarekin amaitu nahi dutela leporatzen dietenak, gezurretan ari direlakoan.

Ebaluazio honetan ikusi dute programa azkarregi  ezarri zutela, baliabide eta informazio gutxiegi emanez. Horrela, ikastetxeetako zuzendari batzuk “desadostasunaz” eta areago “inposizioaz” mintzatu direla adierazi du Mendozak.

Urtea amaitu baino lehen, datu guztiak analizatu ondoren, aditzera emanen du Gobernuak zer urratsak jarraituko dituen PAIren inguruan.

Aldaketaren aldeko lau indarretako ordezkariek berretsi dute PAIri buruzko ebaluazioa egin beharra. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!