Nafarroako Gobernuak 250.00 euroko laguntza emanen du Sakana 2020 Plan Estrategikoa zabaltzeko

Euskalerria Irratia 2016ko api. 26a, 19:32
Manu Ayerdi lehendakariordeak eta Mankomunitateko lehendakari Aitor Karasatorrek hitzarmena sinatu dute. Zonaldeko udal-ordezkariak sinadura-ekitaldian izan dira.

Sakanako Mankomunitatearekin hitzarmen bat sinatu du eskualdeko jarduera ekonomikoa berreskuratzen saiatzeko. Bosturteko batean bertako langabezia-tasa % 7tik % 26ra igo zen.

Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik eta Sakanako Mankomunitateko lehendakari Aitor Karasatorrek hitzarmen bat sinatu dute astearte honetan, Lakuntzan; haren bidez, Nafarroako Gobernuak 250.000 euroko laguntza emango du eskualdeko 2020 Plan Estrategikoa zabaltze aldera.

Zehazki, diru-laguntzari esker, 2016an enpresa-jarduera nahiz enplegua sustatzeko 58 ekintza abian jartzea erraztuko da, lau sektoretan: industria, energia, turismoa eta elikadura.

Ayerdi lehendakariordeak tokiko eragileen 2011tik aurrera garatutako "lan bikaina" azpimarratu du (toki-administrazioak, alderdi politikoak, enpresaburuak, sindikatuak…), jarduera ekonomikoa berreskuratzeko neurriak hartu behar zirela jabetu zirenean eta krisiaren ondorioz zer beherakada izan zen ikusi ondoren. Bosturteko batean, langabezia-tasa % 7tik % 26ra igo zen (Nafarroako batez bestekoaren oso gainetik). "Plan hau inplikazio, ahalegin eta lan handi baten emaitza da. Garaipen kolektibo bat", nabarmendu du.

Lehendakariordeak nabarmendu duenez, estrategia hau Sakanarako aukera paregabea da, baina baita "Nafarroa guztirako ere", eskualdeko industria-gaitasunak Foru Komunitate guztirako duen garrantzia kontuan hartuta; eta baita hasitako lan-ildoa beste eskualde batzuetarako jardunbide egokien eredu bat delako ere: garapeneko estrategiak egitea, gobernantza inklusibo eta maila anitzeko ereduak eraikitzea, taldekako ekintzailetza sustatzea, enpresarteko lankidetza-sareak, energiari buruzko proiektu pilotuak…

"Garapeneko eskualdeko esperientziak goi-mailako eskaletatik prestatutako politika industrial eta sektorialei irismen, sakontasun eta testuinguru handiagoa ematen die", azpimarratu du lehendakariordeak; azken horrek gogora ekarri duenez, Gobernuaren lehentasuna da enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sustatzea eragileen arteko lurralde-kohesio eta lankidetzaren testuinguru batean.

Bestalde, Aitor Karasatorrek aipatu duenez, hitzarmena sinatuz, Sakanaren estrategian etapa berri bati ekiten zaio. Foru Gobernuak erakutsitako "jarrera ona" eta egindako "ahalegina" eskertu ditu Sakanako krisi-mahaiak marraztutako ibilbide-orriari laguntzeko orduan, baina egoerari buelta emateko bidea geratzen dela oraindik gogorarazi du.

 

 

Ayerdi lehendakariordeak eta Mankomunitateko lehendakari Aitor Karasatorrek 2020 Plan Estrategikoa egiteko garaian eragileen artean lortutako adostasuna azpimarratu dute.

4 sektore, 14 ardatz eta 58 neurri

Sakana 2020 Plan Estrategikoak 13 ardatz estrategiko, 54 esku hartze lerro eta 160 ekintza jasotzen ditu sei arlo estrategikotan: nekazaritza-elikagaiak, merkataritza, hezkuntza, energia, industria eta turismoa. Gainera, lankidetza-sareak ehuntzen ari dira, bai eta ideiak nahiz baliabide endogenoak mugiarazteko ere. Gobernantzaren eredu ireki bat ere zehazten du eragileen arteko lankidetza era efizientean antolatzeko.

Gaur izenpetutako hitzarmen honekin, lau sektoretako ekintzat sustatuko dira 2016an: Industria (124.860 euro), Energia (16.180 euro), Turismoa (66.820 euro) eta Elikadura (42.140 euro).

Energiako jarduerak honako hauetara bideratuta daude: eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza sustatzera, industriako enpresen kokapen estrategikoa hobetzera, enpresa berrien sorrera sustatzera, azpiegiturak hobetzera eta eskualdeko erakargarritasunak komunikatzera. Ondorengo proiektuak nabarmentzen dira, esaterako: industrialde eta enpresen inbentarioa edo enpresarteko lankidetza sustatzea edo enpresa eta ikastetxeen artekoa (LH), prestakuntza, edo proposamen bat egitea abiadura handiko telekomunikazio-sarerako sarbidea hobetzeko.

Energian, diru-laguntza energia-enpresen kokapena hobetzeko bideratuko da edo proiektu energetikoak eta berdeak garatzeko (adibidez, energia-efizientziaren kultura sustatzea, biomasa sustatzea, eraikuntza-sektorea energia-errehabilitaziora birmoldatzea).

Turismoan, helmugako kudeaketako, turismo-dinamizazioko eta produktuak merkaturatzeko eta sustatzeko jarduerak sustatuko dira: mugikortasun- eta aisialdi-plan bat prestatzea, Santiago bidea sustatzea…

Elikadura-sektorerako laguntzak honako hauetan oinarrituko dira: abeltzaintzako ustiapenen kudeaketa iraunkorra, baliabide publikoen kudeaketa, tokiko elikadura-sistemak sustatzea eta prestakuntza. Hala, ekoizleen foro bat abian jarriko da (abeltzainen arteko lankidetza), azokak sustatuko dira…

Planaren barnean hezkuntza (eskualdeko ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza handiagoa) eta merkataritzako beste ekintza batzuk jasotzen dira, hurbileko kontsumoak duen eraginaren gaineko kontzientziazioa zabaltzeko ekintzak eginez.

Hitzarmenak aldeen dokumentazioa, gastuen justifikazioa eta betebeharrak arautzen ditu, eta Leader Programan eta Toki Administrazioen Planean sartzen diren beste lankidetza batzuen osagarri dira. Gainera, Sakanako eragileak industria babesteko beste politika batzuez baliatu ahalko dira, Nafarroako Gobernuak sustatzen dituen klusterretako I+G+B batzuez.

Iraupen luzeko langabezia

Sakana krisiak gehien kaltetutako zonaldeetako bat da, lehendakariordeak gogoratu duenez. Krisiaren ondorioz, langabeziak gora egin zuen nabarmen 2008-2013 aldian, enpresa asko itxi egin zirelako. Langabeziari beste arazo batzuk gehitu zaizkio, iraupen luzeko egiturazko langabezia-maila handia eta pobreziaren igoera larria, adibidez.

Egoera ekonomia hobetzen ari dela badiote ere datuek, lehendakariordeak azpimarratu du langabezia-zifrak "onartezinak" direla. 2015an, Nafarroako langabezia % 14,7 zen, eta Sakana mendebaldean, berriz, % 20, eta % 12,4 Sakana erdialdean era ekialdean. Gainera, iraupen luzeko langabezia-tasa oso kezkagarria da oraindik (azken urtean igo egin da): % 44 Sakana mendebaldean eta % 38,5 Sakana erdialdean eta ekialdean (Nafarroako batez bestekoa, % 39,2), zehaztu du Ayerdik.

Egoera larri hori ikusirik, Karasatorrek gogorarazi duenez, 2011. urtetik eragile gehienek tokiko garapen-estrategia bat adostu zuten iraunkortasun sozial, ekonomiko, eta ingurumeneko irizpideen arabera: ekintzailetza, ekoizpen-sarearen dibertsifikazioa, enpresen kokapen estrategikoa hobetzea eta barneko baliabide berriak bilatzea. Hori guztia, eragile instituzional, politiko, sozial, enpresako eta hezkuntzakoen artean adostasun zabalak bilatuz.

Zehazki, 2012an Sakantzen Sarea sortu zen ekintzailetza eta garapena sustatzeko helburuarekin, eta Mankomunitateak Sakanako Garapenerako Agentzia abian jarri zuen. 2013an, Sakanako Behatoki Sozioekonomikoa osatu zen zonaldeko eragile sozialek, politikoek, sindikatuek, enpresek eta erakundeek hausnarketa egiteko espazio gisa.

Gainera, urte horretan bertan eta espazio honetan, Plan Estrategiko bat egitea erabaki zen, eta lehentasunak, metodologia eta lantaldeak zehaztu ziren. Esperientzia handiko 60 pertsonak egindako lanari esker eta partaidetzako prozesuan jasotako ekarpenei esker, 2014ko udaberrian Sakana 2020 Plan Estrategikoa aurkeztu zen.

2014 eta 2015ean, Planean jasotako hainbat jarduera ezartzen hasi dira, enpleguari jadanik eragiten diotenak: Utzugane (Arbizu) garatzeko zentroa; Sakanako Merkatarien Elkartea eta Turismo Elkartea osatzea; industriako enpresen bakarkako azterketa haien egoera zein den jakiteko; energia-enpresei bide-laguntza ematea; energia berriztagarrietan eskualdeak dituen gaitasunak aztertzea (biomasa, energia hidraulikoa eta eolikoa); udal-azpiegituren efizientzien energetikoari buruzko azterketa; ontziak eraikitzeari buruzko interpretazio-zentroa; "Enneco, Haritzaren Memoria" parkea; herrietako azokak berreskuratzea; egurraren gaineko ikerketa; SNEINN programa eta antzekoak ekintzailetza sustatzeko; jatorrizko Santiago bidea berreskuratzea; edo prestakuntzako askotariko ekintzak. Eragile laguntzaileen sarea sendotzea eta zabaltzea lortzen ari da.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!