ELAk epaitegira eraman du UGTren 1,64 milioiko diru laguntza

Euskalerria Irratia 2016ko api. 25a, 13:57
Lakuntza, Ontoria eta Zabaleta, gaurko prentsaurrekoan (Argazkia: ELA).

> Ostiralean helegitea aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.
> Lakuntzaren arabera, UGT, CCOO eta CEN “modu ilegalean ari dira finantzatzen”.
> “Enplegu formakuntzan gobernu berriarekin ez da aldaketarik izan”, ELAren irudikoz.

ELAk gaur prentsaurrekoan azaldu duenez, 2015eko hitzarmenaren bitartez, UGTk 1,64 milioi euro jaso zituen Enplegu Zerbitzuarengandik enpleguaren gaineko formakuntza egiteko, eta estatuko lege araudiak dio formakuntzarako laguntzak esleipen irekien bitartez banatu behar direla.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak antzeko  hitzarmenak sinatu zituen 2015ean CCOO sindikatuarekin eta Nafarroako Enpresarien Elkartearekin (CEN). Foru Gobernuaren aitzinean guztien aurkako gora jotzeko helegiteak aurkeztu eta gero, orain epaitegien bidea zabaldu du ELAk, UGTren hitzarmenaren auziarekin.

ELAko abokatu Sonia Ontoriaren arabera, “hitzarmen horiek guztiak 7/2015 foru legearen pean formalizatu zituzten, baina lege hori lege iruzurra eginez onartu zuten”. “Lehen, formakuntzarako laguntzak zuzenean eman zitezkeen. Estatuko lege batek prozedura aldatu zuen, zehaztuz hori lehiaketa irekiaren bidez egin behar dela. Eta foru legea arau estatal hori ekiditen ahal egiteko egin zuten”, gaineratu du Ontoriak.

ELAk, zehazki, foru agindu baten aurka aurkeztu du orain helegitea Administrazioarekiko Auzien Epaitegian. Bere garaian, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta UGTk 2015ean sinaturiko hitzarmenaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuaren aitzinean. Exekutiboak foru agindu baten bitartez helegite hori atzera bota zuen. Eta, ostiralean, ELAk foru agindu horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzien Epaitegian.

Lakuntza: "Gobernu berriarekin ez da aldaketarik izan"

ELAko Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntzaren arabera, “UGT, CCOO eta CEN modu ilegalean ari dira finantzatzen”, eta “Nafarroako Gobernuan ez da aldaketarik izan enplegu formakuntzari dagokionez”. Haren aburuz, “konprenigaitza da alor honetan UPNren politikei iraunkortasuna ematea, horien helburua bezerokeria baitzen, sindikatuok gobernuari nolabaiteko sostengua ematea”.

Horren harira, Lakuntzak “egoera berrazter dezala” eskatu dio foru gobernuari. Izan ere, “2016rako bada hitzarmen horietarako aurrekontu ildo bat, baina oraindik ez dira publiko egin”.

Lakuntzak iragarri duenez, Lourdes Goikoetxea kontseilari ohia, UGTko idazkari nagusi Javier Lekunberri, Enplegu Zerbitzuko buru ohi Isabel Garcia Malo eta egungo buru Paz Fernandez deklaratzera deituko dituzte.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!