Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak aurkeztu dute deklarazioa eta Geroa Baik adhesioa eman du. Hala, Nafarroako legebiltzarrak esan du "zentzurik batere gabeko polizia operazioa" izan dela Burlatakoa, "torturaren kontrako salaketa isiltzeko xedez".
"Guztiz politikoa" izan da Carmen Albaren ekina, salatu dutenez, eta "oso larritzat" jo dute. Espainiako Gobernuaren ordezkaria "beste behin, eskubideak urratzen eta Nafarroako herritarren adierazpen askatasuna ukatzen" ari da, diotenez. Horregatik, "berehalako dimisioa" galdegin dute.
Azkenik, "elkartasuna" azaldu diete atxilo hartu zituztenei, bai eta Burlatako alkateari ere.