Cristina Altuna: "Euskal kultura eta nortasuna bere egin ditu UPNk estatutuetan"

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 25a

Ostiralean, UPNren kongresuaren atarian, elkarrizketatu genuen Cristina Altuna (Ultzama, 1984), UPN ren bi parlamentari euskaldunetako bat. Euskara, alderdi erregionalistaren osasuna eta gobernu berria hartu ditu hizpide, besteak beste.

"UPNk bere estatutuetan argi eta garbi sartu du euskal kultura eta nortasuna bere egiten dituela". Ahoan bilorik gabe mintzatu da parlamentari gaztea euskalduntasunaren inguruan.

Euskara alderdiaren oinarrietan txertatzea "aurrera pausoa" da. "Batzuek" zalantzan jarri badute ere UPNk euskara babesten ote duen, haren hitzetan, alderdiak "bere egiten du, inongo zalantzarik gabe".

Lehen ez zegoen jarrita estatuetan, eta orain sartu dute hizkuntzaren inguruko erreferentzia, hala ere, "betidanik" izan dute presente, Altunak dioenez.

"Euskaldunak datoz" leloari so

Juan Kruz Lakasta esatariaren galderei erantzunez harilkatu du erregionalistak elkarrizketa. Kazetariak iradoki dio "kontu identitarioak" darabilzkiela UPNk, oposizioa egiteko, "euskaldunak datoz" eta gisako esaldiak.

"Gobernuan erabakiek horretara eramaten gaituzte". Erantzun egin du Altunak. Hezkuntza arloa hartu du adibidetzat. "Hezkuntzan euskararen kontrako ideia horretara bultzatzen zaituzte. Oposizioen inguruan egon den ideia horren inguruan lortu nahi dugu nolabaiteko balantza". "Berdintasuna" aitatu du gaztelania hutsezko irakasleen beharraz aritzeko. "Nafarroak badu errealitate propioa: Nafarroan dauden maisuek berdintasunean joan nahi dute oposizioetara".

Matazaren beste hari bati egin dio tira Lakastak. PAI programan, ingelesezko irakasleak behar dira, baina oposiziorik ezin da deitu, ingelesa ez da-eta ofiziala, eta PAI bera ez da eredu bat bere horretan.

"Gogoratu behar dugu euskara orain dela urte batzuk ere ez zela eredu bat, tamalez; ingelesarekin eman daitezke pauso batzuk ere, eredu izan dadin", aldarrikatu du elkarrizketatuak.

Lehen pertsonan bizitakoak izan ditu gogoan. "Ni lan bila aritu naizenean, ez euskara ez gaztelania, gaur egun behar den hizkuntza badirudi ingelesa dela".

Gauzak horrela, familia unitate bakoitzak nahi duen eredua hautatu behar duela defendatu du. "Alderdiak beti ulertu du hezkuntzaren arloan gurasoei eman behar zaiela nahi duten hizkuntza aukeratzeko eskubidea".

UPN, lagunak egin nahian

"Akordioak lortzeko UPN nahiko bakarrik dago", esan du Lakasta kazetariak. Kontra azaldu da Altuna. "Esfortzu handiagoa" egiten ari dira orain, aurreko legealdian baino, gainontzeko alderdiengana gerturatzeko. "Beste alderdiekin elkarbanatzen ditugun mezuak eta ideiak badira", zehaztu du Altunak. Aurrera begira, aliantzak dituzte xede.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!