Euri tantek busti dute Irurtzun goizeko lehen orduetan baina gero euskarak jantzi du herria. Asko izan dira euskaraz ikasteko aukerarekin bat egin eta goizean tailerretan parte hartu duten neska-mutikoak. Txistorra egiten batzuk, frutekin hamaiketakoa prestatzen besteak, buztinarekin figurak sortzen edo elkarrekin jolasten pasa dute eguna. Sakana herri eskolekin sortzen ari dela aldarrikatu dute guztiek. Bailarako ikastetxe txikiek egin dute bat Irurtzungo plazan.
Hamaika joak zirela ekin diote jaiari. Momentu aproposa gosariarekin ekiteko festari: Taloak ez dira faltatu eta musikak girotu du goiz osoa. Herri kirolak ere izan du tartea: harriak jasotzen eta bost metroko egurrezko zutoina izan dira frontoian. Eguerdian iritsi da jai handia: erraldoiek eta buruhandiek aztoratu dute plaza eta ondoren, pertsonaia mitologikoen magia iritsi da: Mari, Tartalo, Basajaun eta Basandere, Akerbeltz, Mikolasak, Galtzagorriak ... Trikuharri pisutsuak ere jarri dituzte plazaren erdian Jentilek. Eta Gizotsok haur guztiak izutu ditu bere kateen soinuez. Jaiari amaiera borobila emateko Sakana herri eskolekin sortzen-erako prestatutako koreografia dantzatu dute haur, gazte, guraso, irakasle eta Irurtzunera hurbildu diren guztiek.