Jakitegi Solidarioak ateak ireki ditu. Oinarrizko saskiak osatzeko produktuen biltegia izanen da Arrotxapeko Anelier pasealekuko lokala. Ez bakarrik hori, oinarrizko saskien erabiltzaileei ikastaroak emateko ere baliatuko dute lokal berria.
Gizakia Herritar Fundazioaren egitasmoa da Jakitegi Solidarioa. Oinarrizko saskiak maizago banatzeko aukera emanen dio eta saski kopurua handitzeko. Astean hiru aldiz banatuko dituzte saskiak eta familia bakoitzaren araberako beharrei egokituko dira otzara horretako produktuak.
Saskia maizago eta hobeki
Paris 365 ekimenak banatzen zituen saskiak orain arte, bi astean behin. Eskaintza zabalduko dute orain eta hala, jende gehiagorengana iritsiko dira eta duindu eginen dute elikagaien banaketa. Orain arte, 3.000 saski banatu dituzte 210 familiaren artean. 800 laguni eman diete elikagai multzoa eta horien artean %62 adin txikikoak izan dira.Orain, Jakitegi Solidarioaren bidez hilean 40 familiari saskia banatzeko kapaziadadea izanen dute.
Miguel Laparra gizarte gaietako kontseilaria izan da Jakitegi Solidarioaren aurkezpenean. Gobernuak diruz lagunduko du proiektua. Laparrak nabarmendu du ekimenak familia askoren gizarteratzea ahalbidetuko duela. Iaz, 100.000 euro bideratu zen oinarrizko saskiak babesteko.