Trafikoa zuzenduko dute, berriz ere, Iruñeko udaltzainek; horrez gain, bizikleta brigada bat ere jarriko dute martxan, 20 lagunekoa. Hala, udaltzainen %60 bi sail horietako batean egonen dira aurrerantzean. Plan estrategikoan bildu dituzte neurriok.
Badaude bestelako aldaketak ere: auzoetara joanen dira agenteak gehiagotan, jarraikortasunez. Gainera, zonaldeka banatuko dira, eta, era horretan, auzo bakoitzean gertatzen denaren berri emanen diete nagusiei. Udaltzaingoaren arabera, "profil jakin bati" erantzunen diote auzo udaltzain horiek: "mediazio lanean" ariko dira. "Jardun baino, prebentzio lanak" eginen dituzte.
UPNk aukeratu ez duen buru bat
Iruindarren imajinario kolektiboan dago oraindik Simon Santamaria, Udaltzaingoa militarizatu zuen gizona. Hamabost urtez egon zen agintean, artean, herri eragileek haren jarrera "bortitza" salatu zuten, behin eta berriz. Gero iritsi zen Alfonso Fernandez, bera ere UPNk aukeratua.
Orain, ordea, Jesus Munarrizek hartuko du agintea, Herritarren Segurtasunerako sailak hala erabakita -EH Bilduko Aritz Romeo da saileko burua-.
Munarriz inspektorea izan da Udaltzaingoan, bai eta Foruzaingoan ere. Abartzuzan jaioa (1958), 1983an sartu zen udaltzaingoan, eta 2006an lortu zuen inspektore postua.