1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako hautetsiak omendu dituzte parlamentuan

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 19a

Argazkia: Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria eta Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea, biktimei eskainitako plakaren ondoran. / parlamentodenavarra.es

> Hildako 118 zinegotziak, 36 alkateak, diputatu bat eta ministro bat oroitzen dituen plaka jarri dute legebiltzarreko atarian.
> Biktimen senideak izan dira ekitaldian; aitortza "lehenago" egin behar zela aldarrikatu badute ere, "sekula ez da berandu", eta, horregatik, esker ona azaldu dute.

"Gure aitatxik, etxetik ateratzen zuten bitartean, berak ez zuela deus egin esan zuen oihuka. Baina egin zuen, gure aitak egin bezala, haren auzokoen bizi baldintzak hobe zitezen aritu zen lanean, mundu hobe baten alde. Horregatik erail zuten". Olimpia Plazak harilkatu du kontakizuna parlamentuko ekitaldian, 1931tik 1936ra Castejongo alkate izan zen haren aitatxi, Valentin Plaza. Frankistek kendu zioten bizia. Familiak, orain artean, ez du errekonozimendurik jaso. Parlamentuko ekitaldian, baina, txaloz jaso dituzte bilobaren hitzak, emozioz. Igandekoa lehenengo aldia izan da.

Plazaren gisan, Lizarrako alkate Fortunato Agirreren alaba Mikele Agirrek eta Lodosako zinegotzi Eloy Resanaren biloba Amelia Resanok ere josi dituzte etxean bizitakoen inguruko testigantzak, ordezkari politikoen aurrean.

Ainhoa Aznarez parlamentuko presidenteak "eragindako min guztiarengatik" barkamena eskatu du, "parlamentuko presidente gisa, Nafarroako herriaren ordezkari lanetan". Igarotako denbora izan du gogoan. "Orain arte, etxe honek [parlamentuak] ez die hitza zuzendu boterea hautetsontzietan ez, eta armen bidez hartu zuten horiek zitalki erail zituztenei". Orain, "80 urteko zorra" kitatu behar dutelakoan dago.

Lege baten egikaritzea

2013/33 Foru Legea hartu du hizpide, gainera, izan ere, onartua egon arren, azken urteotan, ez da aplikatu, eta "alferrik da legeak izatea, ez badira indarrean jartzen".

Lege horren egikaritzea izan da ekitaldia, ondorioz: 156 ordezkari publikoen izenak plakan jartzea, bi hizkuntzatan, eta legebiltzarreko "toki esanguratsu batean".

Unai Uhaldek (Geroa Bai) eta Maiorga Ramirezek (EH Bildu) hautetsi guztien izenak irakurri dituzte, eta Ainhoa Aznarezek eta Uxue Barkos presidenteak lore eskaintza egin diete.

Bukatzeko, Enrique villareal El Drogas-ek bi kanta jo ditu, hildakoak omentzeko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!