Nafarroako Ubidea neurrigabea eta bideraezina dela dio URA Fundazioak

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 13a

Nafarroako Parlamentuan izan dira URA Fundazioko kideak Nafarroako Ubideaz egindako ikerketak aurkezten. Kudeaketa hobetzea eta eraikita dagoena egoki mantentzea da proposatu dutena.

Fase gehiagorik ez eta zabalkuntzarik egin gabe dagoena ongi mantentzea litzateke Erriberako herrientzako egokiena. Horixe ondorioztatu du Fito Jimenez URA Fundazioko kideak Nafarroako Ubideaz egindako txostenen artean. "Hausnarketa sakona egin behar da uraren erabileraren inguruan. Beharrak zein diren aztertu behar da lehenbizi eta horien araberako proiektuak proposatu gero", gaineratu du. Izan ere, URA Fundazioak argi du, Nafarroako Ubidearen proiektua ez dela bideragarria izan. Orain gainera, kudeaketan gabeziak daude. Ur galerak ditu ubideak.

2011n amaitu zen Nafarroako Ubidearen lehen fasea: "UPNk lehenagotik bazekien ez zela bideragarria izanen. Proiektua egin zuten lehenbizi eta bukatu ahala ikertu zituzten zeintzuk ziren beharrak". Ubideak eskaintzen duenetik urrun daudel beharrak URA Fundazioaren arabera. Gehiegizko kontsumoa aurreikusi zuten. Lehen fasea amaituta bigarrenarekin hastea litzateke logikoena, baina, arrazoi ekonomikoak zirela-eta, ez zen hala izan. Horren ordez, lehen fasea zabaltzera jo da. Eta horretarako, itzalpeko bidesaria erabili da.

Edateko ura eta ureztatzeko ura

Erriberako herriei edateko ura eta baratza zein soroak ureztatzeko erabiltzen dute Nafarroako Ubidearen ura. "Kalitatea dena dela, ez da ona edateko uraren kasuan2, ohartarazi du Jimenezek. Kudeaketa okerraren ondorioa dela uste du URA Fundazioak. Belarrera botatzen den pozoi zantzuak topatu dituzte Ubideko zenbait tokitan.

Zer behar du Erriberak baina? Bada mahai gainean alternatiba ugari daudela adierazi dute Fundazioko kideak. Baina eurek argi dute: onena, eraikita dagoen ubidea egoera onean mantentzea da. Dagoena hobetu eta garapenerako plana abian jartzea jo dute egoki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!