Joaquin Arroyok etxean 1936an bizitakoa kontatuko du larunbateko omenaldian. Aita eta bi osaba hil zituzten frankistek 1936an. Aitak, Iruñeko kale nagusiko drogeria batean egiten zuen lan. Han atxilo hartu zuten 1936ko iraileko egun batez. Martxoaren 9ra arte preso eduki zuten. Joaquinek gogoan du nola lau urte zituela espetxera joaten ziren bisitan. Baina martxoaren 9an desagertu egin zen. Ordutik, ez dute haren berririk. Joaquin beldur da, ez ote den hilko jakin gabe bere aita eta osabak non hil zituzten eta euren gorpuzkinak non dauden.
Asko gelditzen da egiteko. Baina asko dago era berean ospatzeko. Hala nabarmendu dute gaur Nafarroako Fusilatutakoen Senitartekoen Elkarteko kideek. Erakunde publikoek, gizarteak oro har eta elkarte askok aurrera pauso handiak eman dituzte egia, justizia eta memoria berreskuratzeko. Baina hutsune nabarmen bat agerikoa dela adierazi du Joseba Ezeolaza, elkarteko kideak: "Justiziak ez du deus egin frankismoaren biktimen alde".
Omenaldia Iruñean
Gaztelugibelean larunbatean omenaldia eginen dietete 1936an fusilatutakoei. 12:00etan izanen da. Musika, lore eskaintza, dantza eta antzezlana uztartuko dituzte. irati Goikoetxeak gidatuko du ekitaldia, Berriozarko abesbatza izanen da, Aranguren ibarreko antzerki taldea izanen da eta aurresku batekin eta lore sorta eskainiz amaituko da omenaldia.