Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak 90.000 diapositibek osatutako dohaintza baliotsu bat jaso du; 1975 eta 2010 artean José María Domench-ek eta Luis Azpilikuetak egindakoak dira, azken 30 urteotan Nafarroako argitaletxe-munduan ezinbestekoa izan den bikoteak egindakoak, hain zuzen, eta bertan Nafarroako gai orokorrak jasotzen dira, batez ere: udalerriak, natura, sanferminak, gastronomia… Kulturako kontseilari Ana Herrerak profesional horiei publikoki eskerrak eman dizkie erakutsitako eskuzabaltasunagatik, eta bildumaren ezaugarriak aurkeztu ditu; azken lau hamarraldietako Nafarroako gizartearen argazki-album bat dela esan du.
José María Domench-ek (Atarrabia, 1948ko uztailak 20) eta Luis Azpilikueta Solak (Iruña, 1944ko abuztuak 31) 1968an ekin zioten bere jarduera profesionalari Salvat S. A. Ediciones argitaletxean, eta argitaletxe horretako argitalpen espezializatuetan buru belarri aritu ziren lanean. Lankidetza sendo bat errotu zuten han eta, hala, Salvat utzi eta 1989an elkarrekin ibilbide bati heldu zioten. Urte hartan sortu zuten Sahats Servicios Editoriales argitaletxea eta, haren bidez, liburuen nahiz liburuxken argitalpenean espezializatu ziren, eta 2000. urtean Arrako Ediciones sortu zuten, turismoko gida eta ibilbideei buruzko argitaletxea.
Beraien ibilbide profesionalean hainbat argitaletxetan egindako lankidetzak azpimarratu behar dira, Anaya Touring, Editorial Everest, El País Aguilar edo Santillanarekin, esaterako, eta horren emaitza izan ziren Nafarroa, Errioxa eta EAEri buruzko gidak.
Tokiko prentsarekin ere proiektu asko egin zituzten, Navarra Hoy adibidez, eta Diario de Navarra egunkariarekin bereziki –zenbait bildumarekin, haien artean Biblioteca Básica de Navarra, Historia de Navarra, Geografía de Navarra, Etnografía de Navarra, Vocabulario Navarro, eta abar– eta baita Diario de Noticias egunkariarekin ere–Recorridos por la Gastronomía Navarra–.
Nafarroako Aurrezki Kutxarako egindako beraien lanak oso ezagunak dira –La Cocina Popular Navarra– edo Etor-Ostoa argitaletxerako egindakoak –Hiri Buruak, Iruña edo Baionari buruz-. Nafarroako Gobernuarekin egindako elkarlanen artean, ondorengo monografiak azpimarratu behar dira: Parque Natural de Urbasa eta Andía, Bardenas Reales, Bértiz y Navarra en la mano.
Argazki-bilduma horrekin, Nafarroako Errege Artxibo Orokorraren funts dokumental berri bat sortu da, eta erakunde horrek zainduko du hemendik aurrera. Dohaintzaren helburua Nafarroako Ondare Dokumentalaren kontserbazioan laguntzea da, haren zabalkundea sustatzea eta ikerketa suspertzea; hala, funtsaren artxibo-tratamendua egingo da herritarren eskura jarri ahal izateko. Horretarako, funts hori digitalizatzeko proiektu bat hasiko da Nafarroako Errege Artxibo Orokorrean kalitate handiko kontsultarako kopiak sortzeko asmoz.
2015eko azken egunean onartu zen Jose María Domench eta Luis Azpilicketaren argazki-funtseko 90.000 diapositiba Artxibo Orokorrari dohaintzan ematea, ustiapen-eskubideak guztiak barne. Domench-ek eta Azpilikuetak azken 30 urteotan Nafarroako argitaletxe-munduan ezinbestekoa izan den bikotea osatzen dute (Nafarroako gai orokorrei buruz).
Domench-ek azaldu duenez, funts honi esker, azken 40 urteotan etxebizitzek, paisaiek, ohiturek eta herritarrek izandako bilakaera ikus daiteke.
Erantsi du ere, Azpilikuetak eta berak Nafarroako erakunde eta herriari urte hauetan guztietan egindako lana itzuli nahi diela.