1936ko kolpe militarrean hildako hamabi lagun identifikatu gabeen gorpuzkiak lurperatu dituzte

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 11

Argazkia: 1936ko kolpe militarrean eraildako eta gaur lurperatutako hamabi lagunei egindako lore eskaintza. / Nafar Telebista

> Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak izan dira San Jose kaleko hilerriko omenaldian. > DNA baliatuz identifikatuz gero, lurperatutakoen senideek erabakiko dute zer egin gorpuzkiekin.

Urzanten eta Añezkarren deshobiratu zituzten hamabi pertsonen gorpuzkiak, eta, orain, "identifikatu arte duintasunez deskantsatu dezaten", Iruñeko kanposantuan lurperatu dituzte, lore eskaintza egitearekin batera.

Bertan egon dira Iruñeko alkate Joseba Asiron, Nafarroako Gobernuko ordezkari Ana Ollo eta AFFNA 1936 Nafarroako Fusilatuen eta Senideen elkarteko presidente Olga Alcega, eraildakoei omenaldia egiteko.

Familien esku

Momentuz, ezezagunak dira ehortzitako hamabiak, haatik, DNAri esker etorkizunean jakin liteke nor diren. Identifikatzekotan, senideen esku egonen da zer egin gorpuzkiekin. Bitartean, gaurtik aurrera, hilerriko San Felizia kalean daude. 

2014ean Iruñeko udalak eta Nafarroako Gobernuak onartutako hitzarmen bati jarraiki, 1936ko biktimak egoteko tokia egokituta dago San Joseko kanposantuan. Hamar pertsona zeuden bertan, lehen; 22, aldiz, orain. Guztira, 60 egon daitezke.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!