Nafarroako Parlamentuak babesa eman dio Axier Lopez kazetariari eta Argia-ri

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 11

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak eraman dute adierazpena kazetariari eta astekariari babes emateko. Era berean, Mozal Legea errefusatu dute.

Axier Lopez kazetariari eta Argia astekariari babesa eman dio Nafarroako Parlamentuak. Joan den astean Mozal Legea baliatuta isuna jarri zioten Lopezi argazki bat twitter bidez zabaltzeagatik. Naroa Ariznabarreta Eibarren atxilotu zuten uneko argazkia da zigorra eragin duena. Lopezek martxoaren 3an sareratu zuen, atxiloketa gertatu zen unean. "Operazioan parte hartu zuten agenteak identifika daitezke eta, funtzionario horientzat identifikazio publikoak dakarren arriskua zein den aintzat hartuta” isuna jarri diote. Hala jaso du salaketak. 601 euroko isuna ezarri diote kazetariari.

Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdien ekimena izan da. Adierazpen bat eraman dute kazetariari eta astekariari babes emateko. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk, Ezkerrak eta alderdi sozialistak bat eginda atera da aurrera. UPN abstenitu egin da eta PPk aurka bozkatu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!