UPN eta eraso politika: Parlamentuan aurkeztutako hamar ekimenetatik bakarra da eraikitzailea

Euskalerria Irratia 2016ko apirilaren 11

Argazkia: Javier Esparza UPNko burua, prentsa aurreko batean.

> Gogor ari dira erregionalistak 'aldaketaren gobernuaren' aurka: euren jardun politikoaren %80 exekutiboari galderak eta kritikak egiten ematen dute.
> Hamabost eserleku badituzte ere, oraindik ez dute lege erreformarik planteatu.

Legealdia hasi zenetik, 379 ekimen aurkeztu ditu Javier Esparzaren taldeak. Gehienak galdera sinpleak, gobernuaren lana ezbaian jarriz. Esaterako, Opuseko langileak ere, gainontzeko herritar guztiak bezala, osasun publikora joanen zirela kaleratzerakoan, auziaren inguruko 57 galdera aurkeztu zituzten. Oso antzekoak gehienak: are gehiago, galdera batetik bestera, hitz bakarra baino ez zen aldatzen zenbait kasutan.

Osotara, 166 izan dira idatziz egindako galderak, 88, berriz, ahozkoak; agerraldi eskaerak, 23; eta interpelazioak, zazpi.

Horiek guztiek ez dute exijitzen proposamenik edo bestelako politikarik aurkeztea, beraz, atakean aritzeko aukera eskaintzen diete erregionalistei. Bestalde, gobernua kontrolatzeko 332 neurri proposatu ditu.

Praktika eraikitzaileak eskas

PPk bi aulki dauzka, eta 44 proposamen egin ditu. Konparazioa egin daiteke UPNren jardunarekin, izan ere, erregionalistek 47 egin dituzte. Hori bai, UPNk hamabost ordezkari dauzka. Nabarmena da, ondorioz, aurrera begirako proposamen gutxi gauzatu dituela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!