Apirilaren 1ean jarri da martxan aurten Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa, irakurzaletasuna sustatzeko gero eta herri gehiagotan egiten den egitasmoa. Hamargarren edizioa izanen da aurtengoa eta beste urte batez Euskaltzaleen Topaguneak, udalak, liburutegiak eta liburu dendak elkarlanean ariko dira. Maiatzaren 31rarte egonen da martxan.
Egitasmoak hainbat berrikuntza izanen ditu aurten. Horien artean, Patxi Zubizarreta idazleari eskatutako 50 liburu gomendatuen zerrenda izanen da, 5 adin tartetan aurkeztuko dena.
Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera sustatuz. Egitasmoak, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.
Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen, liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker gauzatzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du.
Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:
-
Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.
-
Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.
-
Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.
Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu %35 merkeago erosteko aukera emango digu.
Nafarroan herri hauek hartu dute parte: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Basaburua, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Lakuntza, Larraun, Lizarra, Olazti, Uharte, Urdiain, Zizur Nagusia .