Sanferminak 2016

2016ko sanferminak iragar ditzaketen zortzi afixak aurkeztu dituzte

Euskalerria Irratia 2016ko api. 7a, 08:02

Argazkia: Sanferminak iragar ditzaketen zortzi afixak.

> Iruindarrek apirilaren 18ra arte bozka dezakete nahiago dutenaren alde. Internet bidez, hemen.
> Aldaketa handirik ez kolore, forma eta motiboetan.
> Zortzi afixak umore tamalgarriz iruzkindu ditugu.

[Beherago, kartelak banan-banan eta handiago]

Bistan da 2015ko maiatzaren 24an nabarmen aldatu zela Iruñeko Udaleko aginte taldearen kolorea. Haatik, kolore aldaketarik ez da izan sanferminak iragartzeko kartel lehiaketako finalisten artean. Ezta forma, motibo, teknika aldaketa handirik ere.

Bi karteletan zezenak dira protagonista. Beste bitan, saindu beltzarana bera. Batean, erraldoiak. Beste batean, zapi gorria hamaika bider errepikatua. Eta beste biak letra hutsez osatu dituzte. Guztietan daude presente zuria eta beltza.Seitan baita gorria ere. Hiruk, bestelako koloreak ere integratu dituzte.

Hilaren 18ra arte bozka daiteke

Ordu batean aurkeztu dituzte zortzi finalistak, Ziudadelako Armen Aretoan. Iruindarrek hamar eguneko epea izanen dute nahiago duten kartelaren alde bozkatzeko: apirilaren gaurtik 18ra. Botoa emateko hiru bide izanen dituzte: Interneten bidez pamplona.es webgunea, telefonoz 010 zenbakia, eta pertsonalki –hilaren 16ra arte soilik– Civivox .

359 parte hartzaile

Orotara 359 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara. Horietatik 166 Iruñetik bertatik datoz, hau da, %46. Iazko ehunekoa oso antzekoa izan zen. Nafarroako beste herrietatik 68 iritsi dra. Beraz, Nafarroakoak orotara 234 dira, guztien %65. Beste 119 Espainiatik bidali dituzte, eta 6 beste herrialdetatik.

Aurten lehendabiziko aldiz, zortzi finalistak hautatu dituzten epaimahaikide guztiak komunikazioko, diseinuko edo arte plastikoetako profesionalak izan dira. Zehazki epaimahaiko kide izan dira Iruñeko Udaleko Kultura, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza zuzendari Maitena Muruzabal, iazko lehiaketako irabazle Javier Erize, Leire Urbeltz, Antonio Laita, Maite Canto eta Iñaki Cabodevilla.

Afixak, umore tamalgarriz iruzkinduak

Iruñeko udal aginte taldea aldatu bada ere, ez dugu uste iruindarren zenbait ohiturekin gauza bera gertatu denik. Erran nahi baita euskaldunon hiri buruzagiko herritarren artean guztiz erroturik dagoela kartel finalistak larrutzeko tradizioa. Ehunka, milaka lagun hasiko ziren afixak ikusi bezain pronto iruzkin kritiko, ironiko, sarkastikoak egiten, gehienetan gutxieneko ezagutza artistiko batean oinarritu gabeak.

Dibertimendu moduan, aipamen topiko tamalgarrien artean topikoenak eta tamalgarrienak egiten ahalegindu gara.

1

Izenburua: Zezena.

Iruzkin tamalgarria: Aski da. Zezen picassianoen bonbardaketa Gernikakoa baino okerragoa izaten ari da. Protokoloaren Ordenantza berriro aldatu beharko lukete, zehazteko sanferminetako kartel lehiaketara horrelako bat aurkezten duen hurrengoari milioi bat euroko isuna ezarriko diotela. Edo zerbait okerragoa: Flamarique Ahizpen diskografia osoa entzutera behartuko dutela.

2

Izenburua: Txuribeltz.

Iruzkin tamalgarria: Dedio,Mikel Urmeneta, disimulatu piska bat. Argiegi dago zuk egindako kartela dela.

3

Izenburua: Los colores da la fiesta (Festaren koloreak).

Iruzkin tamalgarria: Zeinen txarra den marrazkilari hau. Ez zait argi geratzen zein marraztu nahi zuen: San Femin ala Txarli Tximino Saindua.

4

Izenburua: Ama a tu madre (Zure ama maita ezazu).

Iruzkin tamalgarria: Hori nire bost urteko alabak hobeki eginen zukeen. Letra hobea du.

5

Izenburua: Reinas (Erreginak).

Iruzkin tamalgarria: Iruzkin tamalgarria: zeinen originala den erraldoien molde horretako karikaturak egitea. Kukuxumusuko-ek estilo horretako 6.666 kamiseta besterik ez dute egin.

6

Izenburua: Pañoletas (Zapiak).

Iruzkin tamalgarria: sudurra afixatik 30 zentimetrora duzula 30 segundo ematen badituzu kartelera begira begiak kliskatu gabe Asiron alkatea 3D-n ikusiko duzu, hiru deimentsiotan alegia.

7

Izenburua: Sanmarrazkin.

Iruzkin tamalgarria: Uztailaren seiko hamaiketakoa etxepeko tabernan amaitzen dugularik, paperezko mahai-zapia halaxe geratzen zait. Horretan "San Fermin" ez ezik "On egin" ere jartzen du.

8

 Izenburua: Recorrido San Fermin (Sanferminetako ibilbidea).

Iruzkin tamalgarria: zer irudikatu nahi du, hamaiketakoa hesteetan barrena, digestio-aparatuaren amaierarantz? Bada, begira, hori bai, hori guztiz sanfermineroa iruditzen zait.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!