Bistan da 2015ko maiatzaren 24an nabarmen aldatu zela Iruñeko Udaleko aginte taldearen kolorea. Haatik, kolore aldaketarik ez da izan sanferminak iragartzeko kartel lehiaketako finalisten artean. Ezta forma, motibo, teknika aldaketa handirik ere.
Bi karteletan zezenak dira protagonista. Beste bitan, saindu beltzarana bera. Batean, erraldoiak. Beste batean, zapi gorria hamaika bider errepikatua. Eta beste biak letra hutsez osatu dituzte. Guztietan daude presente zuria eta beltza.Seitan baita gorria ere. Hiruk, bestelako koloreak ere integratu dituzte.
Hilaren 18ra arte bozka daiteke
Ordu batean aurkeztu dituzte zortzi finalistak, Ziudadelako Armen Aretoan. Iruindarrek hamar eguneko epea izanen dute nahiago duten kartelaren alde bozkatzeko: apirilaren gaurtik 18ra. Botoa emateko hiru bide izanen dituzte: Interneten bidez pamplona.es webgunea, telefonoz 010 zenbakia, eta pertsonalki –hilaren 16ra arte soilik– Civivox .
359 parte hartzaile
Orotara 359 kartel aurkeztu dituzte lehiaketara. Horietatik 166 Iruñetik bertatik datoz, hau da, %46. Iazko ehunekoa oso antzekoa izan zen. Nafarroako beste herrietatik 68 iritsi dra. Beraz, Nafarroakoak orotara 234 dira, guztien %65. Beste 119 Espainiatik bidali dituzte, eta 6 beste herrialdetatik.
Aurten lehendabiziko aldiz, zortzi finalistak hautatu dituzten epaimahaikide guztiak komunikazioko, diseinuko edo arte plastikoetako profesionalak izan dira. Zehazki epaimahaiko kide izan dira Iruñeko Udaleko Kultura, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza zuzendari Maitena Muruzabal, iazko lehiaketako irabazle Javier Erize, Leire Urbeltz, Antonio Laita, Maite Canto eta Iñaki Cabodevilla.