2014ean iraungitu zen Garapenerako Kooperazio Plana. Geroztik, gida orririk gabe aritu da Nafarroa. Bitartean, gainera, aparrak nola egin dute behera aurrekontuek. Esaterako, 2013an, Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak salatu zuen 2007tik %80 jaitsi zizkiotela laguntzak. Eta hori izan da joera orokorra.
Hala, iazko datuekin alderatuz, oso berri ona da %33 handitzea orain diru saila: 5,4 milioi izanen dira, osotara. Miguel Laparra Gizarte Gaietarako Lehendakariordeak laguntzak handitzeko "ahalegin nabarmenak" egin dituztela esan du, eta garapen kooperaziorako politikak "berreskuratzeko prozesuari" ekin diotela, "urte askotako murrizketen osten".
Garapenerako Kooperazio Plana berritzea. Horra mahai gainean utzitako beste erronketako bat; 2017rako aurkeztuko dutela aurreikusi du Laparrak. Bestalde, iragarritako 5,4 milioi horiek nola banatuko dituzten azaldu du: 2,72 milioi urtebete iraunen duten egitasmoentzat emanen dituzte; 1,71 milioi, epe luzekoentzat; eta 445.000, aldiz, garapenerako hezkuntza asmoentzat.
Hitzarmenei dagokienez, Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak 75.000 euro jasoko ditu; Sahararen Lagunak elkarteak, 35.000; eta RASDen Nafarroako Lagunak asoziazioak, 15.000.