Oinez Basoa ekimena abian jarri du Baztan ikastolak

Euskalerria Irratia 2016ko api. 4a, 09:37

Bederatzi hektareako azalera basoberrituko du Baztan Ikastolak Gainekola herri lurrean eta bi landare mota babestuz osatuko du basoa: erramu portugaldarra edo loroa eta karpea edo pago-lizarra.

Euskararen aldeko basoa ezagutzeko bertaratu dira Baztan Ikastolako ikasle, guraso, ikasle ohi, irakasle zein Baztan Ikastolako lagunak mendi aldera. Behin Gainekolara iritsita, inaugurazio ekitalditxoa egin zuten. Bertan ere, Lodosa eta Viana ikastoletako ordezkariak, Nafarroa Oinez 2016ko antolatzaileak direnak, NIEko ordezkariak, Baztango alkatea eta Nafarroako Ingurumen kontseilaria izan dira.

Ondoren Baztan ikastolako ikasleek zuhaitz landaketa egin dute, eta bertaratutako guztiek hamaiketako hartu dute baso berrian Otsondora bueltatu aurretik.

Bederatzi hektareako azalera basoberrituko du Baztan Ikastolak Gainekola herri lurrean eta bi landare mota babestuz osatuko du basoa: erramu portugaldarra edo loroa (Prunus lusitanica) eta karpea edo pago-lizarra (Carpinus betulus). Loroa Nafarroan harrapatzen ahal den toki bakarra Baztanen dago, Urritzate eskualdean. Eta Iberiar Penintsulan gutxitutako landarea da. Eta pago-lizarra, berriz, Pirinioetatik beheiti Iberiar Penintsula osoan, basa bakarrik harrapatzen ahal da Bortzirietan, Igantzi eta Arantza artean.

Baztan Ikastolarena Nafarroa Oinezek sortu duen bosgarren basoa da, 2008an Oinez Basoa abian paratu zenetik. Oinez ospakizunak ingurumenean kalte ekologikoak eragiten zituela ikusita sortu zen egitasmoa abiatzeko ideia. Izan ere, baliabide naturalak kontsumitu, hondakinak sortu eta berotegi-efektuko gasak isurtzen baititu bestak. Kalte ekologikoa orekatzeko asmoz, besta ospatzen zen tokian ingurumenarendako testigantza onuragarri bat uztea erabaki zen: naturgune autoktonoa birsortzea, euskararen eskutik sortuko zen basoa hain zuzen.

Erabaki hori hartu zenetik gaur egun artio, lau baso ezberdin sortu ditu Oinez Basoak: mendebaldeko baso bat Arbizun, baso mediterraneo bat Tafallan, ibaiertzeko baso bat Tuteran eta baso jangarria, hegazti basoa eta zabortegi eremua berreskuratzeko basoa Zangozan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!