Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu! lelopean lau zutabe aterako dira. Bat, Nafarroatik; beste bat, Bizkaitik; hirugarrena, Arabatik; eta, azkena, Gipuzkoatik. AHTaren Bergarako korapiloan elkartuko dira denak 22an.
Ekimenaren zergatik antolatu duten azaldu dute Txirrinkaren webgunean argitaratutako idazki batean:
Lurraren aurkako guda hau gelditu eta hainbeste azpiegitura txikitzaile behar dituen sistema hau irauli behar dugu, egungo eredu soziala goitik behera eraldatuz. Azpiegitura hauek bultzatzeko erabilitako errekurtsoak jendearen zerbitzurako jarri behar dira. Ezin dugu onartu milioika milioi € azpiegituretan gastatzen diren bitartean, langileak esklabutzatik gertuko egoeretara kondenatzea, jendea beren etxeetatik erauzi ondoren kale gorrian bizitzera zigortzea, etorkinak gaizkile gisa tratatzea, zerbitzu publikoak pribatizatzea. Oro har, ezin dugu onartu kontsumismoa harro-harro bultzatzen den aldi berean prekarietatea eta bazterketa inoiz baino gehiago zabaltzea. Hori dela eta kalera irtetearen beharra dugu. Txirrinka ekimenak aukera ezin hobea eskeintzen digu lurraren alde eta azpiegituren aurka mugitzen ari direnen arteko sarea indartzeko eta jendarte eredu berri baten alde ari garenok bat egiteko. Zure taldearekin txanda bat osatu, bizikleta hartu eta borrokaren lekukoa eskuz esku pasatu. Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu eta AHT zein azpiegitura txikitzaileak borrokatu!
