Bizikletaz eginen dute AHTren aurkako protesta

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 16a, 09:54

Txirrinka bizikleta martxa antolatu du AHT Gelditu! Elkarlanak, Euskal Herriko beste hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera. Hego Euskal Herria zeharkatuko dute, lau zutabetan banatuta, maiatzaren 20tik 22ra.

"Lurraren aurkako guda gelditu eta azpiegitura txikitzailea ardatz duen sistema irauli egin behar da", hala salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak. Aldarrikapen hori Euskal Herrian zabalduko dute bizikletaren gainean. Txirrinka izeneko bizikleta martxa antolatu dute maiatzerako. Hego Euskal Herriko lau lurraldeak zeharkatuko dituzte, txandaka. Zutabeak antolatuko dituzte eta horietako bakoitzak bere lekukoa eramanen du, barruan, mezu banarekin. Gasteiztik (Araba), Muskiztik (Bizkaia), Hendaiatik (Lapurdi) eta Iruñetik abiatuko da zutabe bakoitza: Bergarako (Gipuzkoa) Angiozar auzoraino. Ekitaldi nagusia Bergaran eginen dute, eta han irakurriko dituzte lekukoetan eramandako mezuak.

"Euskal Herriko proiektu txikitzaileen aurkako erresistentzien mapa aurkeztuko dugu Txirrinka egitasmoan", azaldu dute antolatzaileek. Martxa egin baino lehen, apirilaren erditik aurrera, hainbat ekintza antolatuko dituzte Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lekuan lekuko arduradunek.

Hego Euskal Herria zeharkatuko dute, lau zutabetan banatuta, maiatzaren 20tik 22ra. Azpiegitura horiek egiteko erabilitako baliabideak "jendearen zerbitzura" jartzea eta egungo sistema soziala eraldatzea galdegingo dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!