"Epaiketa politikoen aurka" dinamika, Sakanan

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 15a, 08:52

Udaberrian bi etxarriar Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte. Abian jarritako dinamikaren nahia sakandarrak "eskubide zibil eta politikoen defentsan kalera ateratzea da".

Jon Patxi Arratibel 'Xafan' eta Joxe Aldasoro epailearen aurrean deklaratu beharko dute udaberrian Madrilen. Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte. Zortzi eta bederatzi urteko zigor eskaerak eskatu dituzten eurentzat. Atxilotu zituztenean torturak jasan zituztela salatua dute biek. Ia bi urte eman zituzten espetxean modu prebentiboan. Arratibel eta Aldasoro Ekin erakunde politikoarekin lotu zituen epaileak.

Epaiketa hau salatzeko dinamika bat jarri dute abian Sakanan. "Jendea kalera" ateratzeko deia egin dute "eskubide zibil eta politikoen defentsan". "Sakanako jendea euren eskubideen defentsan ahalduntzea bilatzen dugu; eta noski, Xafan, Joxe, Edurne, Ainara, Ruben, Adur eta Franek epaiketarik ez izatea nahi dugu", azpimarratu zuten Etxarrin larunbatean emandako prentsaurrekoan.

Alarmarako deia

Ekimen berri horri irudia eta soinua jartzeko, adarrak eta bere soinua erabiliko dituzte. "Adarraren alarma deia, adarraren elkartasun deiadarra erabiliko dugu horretarako. Pasa dadila adarra herri batetik bestera eta herritar batetik hurrengora; bihur dadila bere soinua askatasun garrasi eta borrokarako deia". Adar-jole bat eramango dute Sakanako herri bakoitzera epaiketa politikoen kontrako deiadarrak biltzeko eta atxikimenduak jasotzeko.

Elkartasun eguna

Apirilaren 23an Etxarrin ospatuko dute Elkartasun Eguna. Egun horretan arratsaldeko 20:00etan Epaiketa politikorik ez; Xafan eta Joxe ASKE! goiburuarekin manifestazioa eginen dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!