Manifestazioa eginen dute apirilaren 23an Aroztegiko proiektuaren aurka

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 14a, 08:26
Aroztegia eta gero zer? plataformako kideek protesta zenbait egin dituzte Parlamentuaren aurrean.

Aroztegia eta gero zer? plataformak herritarren ekimenez abiatuko du herri galdeketa Baztanen.

Baztango bizilagunen iritzia jakin gabe Aroztegiko proiektua inposatzen ari direla salatu du Aroztegia eta gero zer? Plataformak. Galdeketa egin dezatela eskatu dute. Bailarako herritarren nahia entzun eta ondoren hartu dezatela erabakia. Baina ikusirik Geroa Baik ez duela asmorik halakorik planteatzeko, plataformaren bidez eta herritarren ekimenez abian jarriko dute galdeketa. Horrez gain, sinadura bilketa ere eginen dute Baztango Udalari eta Batzar Nagusiari eskatzeko, herri galdeketaren prozesura martxan jartzeko.

Udalez Gaindiko Proiektua da Aroztegikoa. Nafarroako Gobernuak du eskumena eta hagatik, egitasmoaren aurkako plataforma Gobernua babesten duten alderdiekin bildu da. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak plataformaren eskaerekin bat egiteko prestutasuna azaldu dute. Geroa Baik ordea jarrera “hertsia eta zakarra” ditu. “Geroa Bairi erosoago zaio “kapitalismo neoliberala bultzatzen duten eta epaitegiek zigortutako enpresari iruzurgileen interesak inposatzea, Baztango gehiengo sozialaren interesak defenditzea baino”.

Herri galdeketa herri ekimenez jarriko dute martxan, baita sinadura bilketa ere. Horrez gain, manifestazioa ere eginen dute heldu den apirilaren 23an Elizondon. Aroztegiko proiektua gelditzeko eskaera eginen dute eta bizilagunei galdetzeko egitasmoaren inguruan zein iritzi duten jakiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!