Mendoza: "Gu beltzen gobernua gara, 1960ko Alabaman"

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 11a, 18:45

>"Euskararekiko edozein arlotan polemika sortuko dute; badu helburu politiko bat"
> "Logikoena da zerrenda bakarra edukitzea, baina teknikoki ez zen posible"
>"Teknikoki eta zientifikoki murgiltze programa onartuta dago. Problema baldin bada nola bermatzen dugun elkarbizitza, badaude metodoak"

Lan Eskaintza Publikoa, aurrematrikulazioa, euskararen egoera... Nafarroako hezkuntza munduko ertzak aztertu ditu Jose Luis Mendoza hezkuntza kontseilariak, Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean.

Aurrematrikulaziori so, baikor

"Zonalde ez euskalduna" deritzotenean, 77 aurrematrikula izan dira euskarazko eredurako, eta "pozik" azaldu da kontseilaria, eskubidea "zabaldu" egin delako, batez ere. Euskarazko aurrematrikulazioaren bueltan piztutako polemika aitatu du, bide beretik: "Hainbat lekutan kontrako giroa sortzen badute, auskalo zein diren interesak".

Exekutiboaren jarrera deskribatu du, halaber. Haren ustez, "gobernuaren lana ez da egitea eredu konkretuen alde, baizik eta irakaskuntza publikoaren alde".

D eredua nola berpiztu

Gutxi bada ere, jaitsi egin da azken urteotan D ereduaren alde egiten duen haur kopurua. Horregatik, euskarari bultzada emateko zer egin daitekeen galdetu dio Lakastak Mendoza kontseilariari. Haren ustez, ordea, "Euskarabideari dagokio". Ez da Hezkuntza Sailaren lana. Nolanahi ere, "urratsak" ematen ari direla ziurtatu du.

Zerrenda bakarra hizpide

Lan Eskaintza Publikoan bi zerrenda egun ezberdinetan egotea onartu du azkenean exekutiboak. Ez, ordea, zerrenda bakarra egotea. Mahai sektorialarekin adostasuna "ezinbestekoa" da, Mendozaren irudiko, eta "abertzaleek gehiengoa" duten arren, "negoziatzeko aukerarik" ez zegoela dio.

Aurrera begira egoera aldatzeko beharraz hitz egin du, dena dela. "Logikoena da zerrenda bakarra edukitzea, baina teknikoki ez zen posible". Bi azterketa, baina egun desberdinetan egitea tartean dagoen neurria da, haren aburuz: "Erdibideko irtenbidea izan da ez egitea egun berean azterketak". 

Eta euskalgintza zer?

"Nola ikusten duzu euskalgintza?". Kazetariak bota du galdera. Heldu egin dio Mendozak. Metafora batekin harilkatu du hausnarketa. "Gu gara beltzen gobernua 1960ko Alabaman, eta, bat-batean, zuriak konturatu dira beltzak daudela". Euskara eta euskaldunak gobernura iristea lortu dutela ilustratu du istorioaren bidez, eta orain arte agintean egon direnek "edozein baliabide" erabiliko dutela iragarri du, "beraien esparrua" kontsideratzen duten hori hartzeko.

Horregatik, Lakastak "euskararen inposizioaren mamua" bataiatutakoari aurre egiteko, "kultura eta borondate ona" beharrezkoak direla deritzo.

Eredu bat, eskola bat

Murgiltze eredua eta ereduka banatutako eskolak. Horra aletutako beste bi gai. Izan ere, Noainen eta Sarrigurenen zentroetan nola antolatu eztabaidatzen ari dira egunotan. Kontseilariaren aburuz, "modu trakets batean" ari dira gaia nahasten. "Teknikoki eta zientifikoki murgiltze programa onartuta dago. Problema baldin bada nola bermatzen dugun elkarbizitza, badaude metodoak".

Polemika zati bat

"Euskararekiko edozein arlotan polemika sortuko dute, oso polemika traketsa. Badu helburu politiko bat". Ahoan bilorik gabe hitz egin du euskararen karietara sortutako ingurumari lokaztuaren harira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!