Bakea eta elkarbizitza lortzeko "akordio etikoa" behar dela dio Alvaro Baraibarrek

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 11a, 12:44
Alvaro Baraibar gaurko Parlamentuko batzordeko agerraldian.

"Indarkeria mota guztien gaitzespenetik" abiatuta "konpromisoak hartu eta biktimekiko elkartasuna adierazteko" desioa du Bake eta Elkarbizitzako zuzendariak.

"Akordio etiko bateratua lortu behar da: indarkeria gaitzetsiko duena, elkartasuna adieraziko duena biktima guztiekiko eta eragindako mina eta kaltea aitortu eta erreparatuko duena", hala nabarmendu du Parlamentuko lan saio batean Alvaro Baraibarrek, Bake eta Elkarbizitzarako zuzendariak. "Arduraz" jokatzeko eskatu die alderdi politiko guztietako ordezkariei eta jakin dezatela gai honekiko ikuspegi orokorra izaten "alderdi bakoitzaren ideologiaren gainetik".

Bakea, adiskidetzea eta errespetuaren bila jo behar da, errespetutik, egia bilatzetik eta erreparazioa lortzera. Hori, indarkeria guztien biktima guztiekin egin behar dela aipatu du. Eta adierazi duen bestea,  "Nafarroaren errealitatea, motibazio politikoko indarkeriak markatu du urteetan, eta, merezi du ETAk sortutako indarkeriaren ondorioak analisi espezifikoaren bidez lantzea", azaldu du Baraibarrek.

Frankismoak sortu dituen biktimak, Gerra Zibilak utzi dituenak eta ETArenak aipatu ditu lan saioan. Guztiei zor zaien duintasuna eman behar zaiela gogorarazi du, guztiek izan baitute giza eskubideen urraketa. Modu horretan baino ez da lortuko bakean oinarritutako kultura eraikitzea.

Batzen dituenetik abiatzeko prest

Gobernua babesten duten lau alderdiek esan dute, bat datozela Bake eta Elkarbizitzako zuzendaritzak egindako planteamenduarekin, eta, bide horretan, bat egin behar dela biktima guztiak aitortzetik.

Hala, EH Bilduk gogorarazi du, badirela zenbait alderdi, ez dituztenak indarkeria polizialaren biktima izan direnak oraindik errekonozitzen. Are gehiago, mespretxuz mintzo direla eurez.

Geroa Baiko eledunak nabarmendu du, fokoa zabaltzea lortu dela azkenean eta norabide askotara joko dela inongo biktimak ahaztu gabe.

Podemos-Ahal Dugurentzat ere baliagarria izanen da elkarbizitza lortzeko atzera begira jartzea, orainari erreparatzea eta etorkizuneko planteamenduak egitea.

Alderdi sozialistarentzat garrantzitsua da batzen dituzten puntuetatik abiatzea. Barkamen eskaerak egin behar direla ere gogorarazi du, erreparazioa eta errekonziliazioa izan daitezen.

EH Bilduri kondenatzeko exijitu diote berriz

UPN eta PPko eledunak gogor aritu dira EH Bildurekin. Iñaki Iriartek nabarmendu du oraindik ez dutela espresuki gaitzetsi ETAk eragindako basakeria eta eskatu du, ez ditzatela frankismoaren biktimak ETAkoekin alderatu.

PPko Ana Beltranek berriz, ETAren terrorismoak utzitakoa zuritu eta izkutatzeko asmoak ikusten ditu, frankismoko eta ETAko biktimak konparatzerakoan bereziki. EH Bilduri exijitu dio ETAren terrorismoa gaitzesteko, gainerako alderdiek dagoeneko egina duten bezala.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!