Iruñeko Administrazio-auzietarako 3. Epaitegiak errefusatu egin du Estatuko Abokatutzaren helegitea eta, horrenbestez, ez du "lege iruzur"tzat jo abuztuaren 14an, jaietako txupinazoaren egunean, Tafallako Udalak udaletxean ikurrina jarri izana. Epaiaren aurka helegitea jar daiteke Nafarroako Auzitegi Nagusian, eta prozesu judiziala ordaintzea ezarri dio Estatuko Abokatutzari.
Antzeko auzien inguruan hilabetean emandako zortzigarren sententzia da. Administrazio Auzietarako 1. Epaitegiak ez zuen estatuko abokatuaren helegitea aintzat hartu Berriozarreko jaien kasuan, baina 2. Epaitegiak lege iruzurtzat jo zuen ikurrina jartzea Iruñea, Lizarra, Etxarri-Aranatz, Oteiza eta Lakuntzako udaletxeetan. Berriozarrekoaren kasuan, helegitea aurkeztu zuen estatuko abokatuak.
Tafallaren kasuan, epaileak azaldu du Ikurren Legeak salbuespen gisa onartzen duela beste bandera batzuk zintzilikatzea beste herrialde, erkidego edo toki administrazio bateko ordezkariak ofizialki gonbidatuak daudenean, horiekiko adeitasun keinu gisa.
Epaileak gogorarazi du Tafallako alkateak gonbidapenak luzatu zizkiela Eusko Legebiltzarreko hiru parlamentariri, eta bik onartu zutela.Horregatik, Udalak legea bete zuela ebatzi du epaileak, "bi legebiltzarkidek bisita ofiziala egin zutelako".
Estatuko Abokatuak argudiatu zuen bisita hori ez zela "ofiziala", baina epailea ez dago ados horrekin, alkateak gonbidapena egin baitzuen.
Eta gaineratu du: "legebiltzarkideek ezin dute Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatu, hori lehendakariari baitagokio, baina agintari izaera dute".