Parlamentarien solasaldia: Arnaldo Otegi espetxeratzea "bidegabekeria" izan da, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Ezkerraren ustez

Euskalerria Irratia 2016ko martxoaren 2a

Argazkia: Anaut (EH Bildu), Martinez (Geroa Bai) Lakasta (Kazetaria) eta Ezeolaza (Ezkerra).

>"Preso politiko bat" atera dela esan du EH Bilduko Dabid Anautek, "oraindik beste 400" badirela oroitzearekin batera.
>"Nahiz eta Otegirena oso garrantzitsutzat jo, beste kaleratze bat gertatu da: Urrusolo Sistiagarena", aipatu du Geroa Baiko Koldo Martinezek.
> Joseba Ezeolaza (Ezkerra): "Bakeraren ardura kolektiboa da".

Otegiren askapena eta Nafarroako Sinboloen Legea izan dira Geroa Baiko Koldo Martinez, EH Bilduko Dabid Anaut eta Ezkerrako Joseba Ezeolaza parlamentariek jorratu dituzten gaiak, Juan Kruz Lakasta kazetariaren laguntzarekin. [Ahal Duguko ordezkaria ez da solasaldian izan, osasun arazoak medio]

Otegi, ñabarduraz ñabardura

"Sei urte eta erdiko bidegabekeria" izan da Arnaldo Otegi preso izatea, Anauten arabera, eta "oraindik beste 400" lagun espetxeetan daudela ekarri du gogora; Otegi "erreferente" bat badela esan du, halaber.

Abiapuntu bera izan du Geroa Baiko kideak. "Garrantzitsua" da kalean egotea, "bidegabekeria" bukatu delako. Nolanahi ere, beste talaia batetik so egin dio egoerari. Urrosolo Sistiaga ere atera dela azpimarratu du. "Urrosolo, Karmele Gisasola eta Langraitz Bidea hartu dutenak ere garrantzia handikoak dira gure herriaren normalizaziorako bideetan".

Eta berriz aitatu du "bidegabekeria". Baina bestelakoa. "Hauek ere [Langraitz Bidea hartu dutenek] bidegabekeria jasan izan dute, ez bakarrik estatuko instituzioengandik, baizik eta baita ere preso kideengandik. Eta hori salagarria da", kritikatu du Martinezek.

Ezkerrako Ezeolaza "poztu" egin da Otegi kalean delako, eta Espainiako epaitegiek bakegintzan izandako paperari "oso-oso kaxkarra" deritzo. "Ñabardura bat" ere txertatu du: "Bakearen ardura kolektiboa da". Eta esaldia ahoskatzearekin bat, haren aburuz, bakegintzan aritu diren bestelako eragileak zerrendatu ditu, esaterako, Bakearen Aldeko Koordinakundea.

Kontakizun bateratua, posible ote?

Gatazkaren inguruko "kontakizun bateratua". Horra xedea, Martinezen hitzetan. Frankismoaren harira eraikitako kontaketa izan du hizpide. "Gaur egun inork ez du esaten 'Frankorekin zein ongi bizi ginen!' Zergatik? Kontakizun minimo batera ailegatu garelako".

Erantzun egin dio Anautek (EH Bildu). Kontakizun bateratua josteko baiezkoa edo ezezkoa "minimoa" zein den jakiterakoan emanen duela azaldu du. Zirrikituak ikusi dizkio diskurtsoari. "Saiatu" egin behar da gizartea "kontakizun bateratua" sortzen, baina agian ez da posible izanen. Eszenario hori ere jarri nahi izan du mahai gainean. "Ez bagara ailegatzen [kontakizun bateratura] zer gertatzen da? Ezin dugula aurrera egin?". Bada, ez. Kronika bat eta bakarra adostu gabe ere, "aurrera" egin daitekeela dio Anautek.

ETAren jardun armatua ekarri du gogora Ezeolazak (Ezkerra): "Demokrazia batean bestelako modu batean pentsatzeagatik ezin zaio eman inori tiro bat". Ez da hori erakunde armatuaren inguruan esan duen bakarra. "ETA ez da bakarrik akats bat izan". Horren karietara, "alde etikoa" ere gogoan izan behar dela aldarrikatu du.

"Krudelkeria alde guztietatik eman da. Hemen gertatu da istorio bat oso gogorra izan dena. Hemen, irakurketa ezberdinak egon dira". Gogora ekarri du, ildo berean, "askok" oraindik ezin dutela gertatukoaren inguruko euren kontakizuna publiko egin, "arriskurik hartu gabe, esaterako, kartzelara joateko arriskurik gabe".

Ikurrina, bai ala ez?

"Aniztasuna" eta "bizikidetza" aintzat hartuko dituen Sinboloen Legea nahi du parlamentuak. Solasaldian, eutsi egin diote hiru parlamentariek gai horri ere.

"Agenda soziala" da lehentasuna Ezkerrarentzat, eta, horregatik, eztabaidatu bai, baina "beranduago" ekinen dio Sinboloen Legea aldatzeari. Martinezek (Geroa Bai) ere aitortu du ez dutela gaia asko landu: "Ez dakit laster izanen dugun bileraren batean mintzatuko garen honetaz".

Irmo egin du solas Anautek, aldiz: "Nik uste lehentasun asko badaudela, baina hau ere lehenbailehen konpontzea garrantzitsua dela".

Hala, legea aldatzeko formula zein izanen litzatekeen ez dago bat ere argi. Esaterako, ikurrina jartzearen inguruan mintzatu dira. Ezkerrako kideak aipatu du herri bakoitzean ikurrina jartzearen inguruko erreferendumen alde leudekeela; Anautek aitortu du zehazteke dutela nola landu gaia, baina, adierazi du "askatasuna eta autonomia" eman behar zaizkiela herriei.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!