Nafarroa eta Arabako Ogasunek iruzur fiskalaren aurkako informazioa trukatzeko hitzarmen bat sinatu dute

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 29a, 19:40
Ogasun eta Finantzetako diputatu arabar José Luis Cimiano (ezkerrean), Nafarroako Ogasuneko zuzendari-kudeatzaile Luis Esáinekin.

Hiru euskal aldundiekin dauden akordioak osatu dira eta, horrenbestez, Bizkaikoarekin eta Gipuzkoarekin dagoen elkarlana zabaldu da.

Nafarroako Zerga Ogasunak eta Arabako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu dute Gasteizen eta, haren bitartez, zerga-informazioa trukatu ahalko da, alde batetik, iruzur fiskalaren aurka borrokatzeko, eta bestetik, zerga bidezko diru-bilketa hobetzeko: BEZa eta Ekonomia Jardueren gaineko Zerga, esaterako.

Hitzarmena Nafarroako Ogasuneko zuzendari-kudeatzaile Luis Esanek eta Ogasun nahiz Finantzetako diputatu arabar Jose Luis Cimianok izenpetu dute.

Hitzarmenari esker, Nafarroak eta Arabak informazio fiskala trukatzeko "sistema egonkor eta elkarrekiko" bat partekatu ahalko dute.

Zehazki, langile teknikoek beste erakundearen datu-basera jo ahalko dute kudeaketa hobetzeko eta pertsona fisikoek, autonomoek eta enpresek zergak ordaindu dituztela egiaztatzeko. Gainera, akordio horrekin, bi lurraldeen arteko eragiketa jakin batzuk egitera behartutako pertsona zergadunen kudeaketak erraztuko dira.

Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari-kudeatzailea gustura agertu da hitzarmen hau izenpetu izanagatik; haren arabera, adierazi du, "bi lurraldeek informazioa trukatu ahalko dute zergadunen arreta hobetzeko eta iruzurraren aurka eraginkorragoak izateko, gizarte modernoetan helburu nagusi bat dena". Esainek azpimarratu duenez, gainera, izenpetze horrekin hiru euskal aldundiekin lortutako akordioak osatzen dira; hala, 2014. urtetik Bizkaikoarekin eta Gipuzkoarekin zegoen elkarlana zabaltzen da.

Iruzur fiskala kontrolatzeko, Nafarroako Ogasunak azken urteotan ere lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioarekin, Iruñeko Udalarekin eta Notariotzaren Kontseilu Nagusi eta Iruñeko Notarioen Elkargoarekin, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!