2011ko abenduaren 28 zen Yolanda Barcinak, oraindik presidente karguan, iragarpena egin zuenean: Mercadonak 2016erako 20 supermerkatu ireki nahi zituen Nafarroan, 40 milioi euroko inbertsioa iragarri zuten eta 800 lanpostu.
Iritsi gara jada orain bost urte imajinatutako eszenariora. Eta guztiz bestelakoa da egoera. Zortzi saltoki dauzka Nafarroan Juan Roigen agindupeko markak -enpresari valentziarrak 5.800 milioi euroko diruketa dauka, Forbes zerrendaren arabera-.
Lizarran, Tuteran, Burlatan, Barañainen, Berriozarren, Antsoainen, Sanduzelain eta Mutiloan dauzka saltegiak. Tafallan eta Sarrigurenen zabalduko ditu aurten beste bi.
Esandakotik urruti dabiltza zenbakiak: 330 lanpostu sortu ditu markak eta bi zentro berriekin 400era iritsiko da.
Denda txikiak eta komertzio handiak
Harrabotsa sortu zuen Mercadonaren iritsierak. Denda txikietako saltzaile zenbaitek salatu izan dute tokian tokiko saltokien kalterako dela. Adibide gisa Barañaingo plazaberri.info webgunean herriko bizilagun batek plazaratutako eskutitza.
Langileen eskubideen kaltean?
Krisia garaian, hazi baino ez da egin Mercadona; 2008tik, %58, hain justu, eta Bruselasek haren lana aitortu du,Europako Elkarrizketa Sozialeko Foroan.
Nolanahi ere, oro ez da urre. Bi alde dauzka txanponak. Izan ere, langileei soldata altuak ordaintzen dizkiela defendatu izan du enpresak -1.260 euro inguru lanaldi osoarengatik eta 632 lanaldi erdia-, CNT sindikatuak, aitzitik, langileen "esplotazioa" salatu du.
Hedabideetan eman du CNTk bertako egoeraren berri, "mehatxuak eta umiliazioak" eta "gehiegizko presioa" salatu ditu.
Bestalde, Hacendaño bloga abiatu dute sarean hainbat lagunek, Hacendado marka zuriarekin hitz-jokoa eginez, enpresaren jokaera kritikatzeko.
Iruñeko CNTk ere piketea egin zuen 2014an dendaren aurrean.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!