Tafallan, Lodosan eta Caparroso-Azkoienen D ereduko lerroak zabalduko dituzte 2016-17 ikasturtean

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 26a

Argazkia: Donezteben Malerrekako Euskara Zerbitzuak antolatuta 'Euskaraz bizi nahi dut'. / erreka.org

> Euskarazko ereduan, 77 aurrematrikulazio jaso dituzte Euskararen Legearen araberako eremu ez euskaldunean.
> Nafarroa osoan, ikasle berrien %29,49 eman dute izena D ereduan.

Euskararen Legearen araberako eremu ez euskaldunean izena D ereduan eman duten 77 haurretatik 40 hiru urtekoak dira, eta 37 beste mailetakoak. Horiez gain, eremu ez euskalduneko beste 52 haur eremu mistoan aurrematrikulatu dituzte, handik gertu bizi direla eta: zehazki Lizarran, Garesen, eta Iruñerrian.

D eredu publikoaren sorrerak ez du matrikula beherakadarik eragin legearen araberako eremu ez euskalduneko ikastola itunpekoetan: 73 aurrematrikulazio jaso dituzte orotara. Datua azken urteotakoen oso antzekoa da. Horretaz gain, eremu ez euskalduneko 23 haurrek eremu mistoko ikastoletan eman dute izena. Beraz, bi sareak aintzat hartuz, eremu ez euskaldunean 188 haur aurrematrikulatu dituzte D ereduan. Iaz 126 izan ziren.

Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendozak nabarmendu duenez, “hezkuntza derrigorrezkoa bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskubidea Nafarroa osoan bermatzen den lehen aldia da”. Mendozak halaber azaldu du dagoeneko harremanetan jarri direla D eredua zabalduko duten ikastetxeetako zuzendaritzarekin, eta familiei beharrezkoa den informazio guztia emanen dietela.

Nafarroa osoan, %29,49 D ereduan

2013an jaiotako 6.075 haurretatik 5.866 aurrematrikulatu dituzte. Ikasleen %29,49 euskarazko D eredura joanen dira; eta %70,51  G eta A ereduetara. G gaztelera hutsezkoa da. A ereduan euskara ikasgai moduan dute. Baina A ereduko datu bereizirik ez dute eskaini. Bestalde, 3.530 haurren familiek sare publikoaren aldeko apustua egin dute, eta 2.262k itunpekoaren aldekoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!