Osasunbideak Mahai Sektorialean proposamena helarazi zuen: ekaina baino lehen dei dadila Lan Eskaintza Publikoa. 312 plaza dira Osasunbideko profesionalentzat aterako liratekeenak. Horietatik 192 aurreko Gobernuak proposatutakoak lirateke eta gainerakoekin osatuko litzateke eskaintza. Espainiako Gobernuak ezartzen duen mugak ez du eskaintza zabaltzeko aukerarik ematen. Izan ere, bete gabeko plazak osatzeko eta erretiratutako langileen postuak betetzeko baino ez du aukera ematen Espainiak: “Ez dira nahikoak izanen plaza horiek”.
Administrazioarentzat ere, eskas
Ez da gutxiegi bakarrik sindikatuen ordezkarientzat, administrazioak berak ere onartu du ez direla nahikoak izanen. Hala, Osasunbideko Esteban Ruiz profesionalen zuzendariak esan du Osasunbidean dagoen behin-behinekotasunari aurre egiteko plaza gutxi direla eskaintzen ahal direnak. 1.000 edo 1.200 plaza irteten ahalko ziren oposiziora Ruizen arabera baina Aurrekontu Legeak ez du horrelakorik baimentzen: “Legea aldatzen ez bada ezin izanen da proposamen egokiagorik egin”.