Parlamentarien solasaldia: aldaketaren aldeko indarrak euskararen defentsan

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 24a

Argazkia: Aurreko asteko mahai inguruko irudia. Aste honetan Laura Perez etorri da, Ainhoa Aznarezen ordez.

> Maria Solana (Geroa Bai): "[Hizkuntza ereduen aurkako mobilizazioetan] "Jende gutxi eta hautesle asko egon dira".
> Bakartxo Ruiz (EH Bildu): "Batzuek bitrinan nahi dute euskara. Hizkuntza bizia izan dadin, administrazioan ere egon behar du".
> Laura Perez (Ahal Dugu): "Ausartagoak izan eta [euskararen] koofizialtasunaren inguruan hitz egiten hasi behar dugu".
>Joseba Ezeolaza (Ezkerra): "Aurten lehen aldiz D eredua bermatu egiten da zonalde ez euskaldunean, eta hor indartsu jokatu behar dugu".

Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean, hitzetik hortzera daude gaiak jorratu dituzte Geroa Baiko Maria Solana, EH Bilduko Bakartxo Ruiz, Ezkerrako Joseba Ezeolaza eta Ahal Duguko Laura Perez parlamentariek.

Lehen gaia: irakasleak kenduta, funtzionario postuen %0,6an baino ez dute eskatzen euskara jakitea. Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik eman ditu datuak.

Solanak gogorarazi du biztanleen %13 direla elebidunak, eta euskararen "inposizioa" salatu duen PPNko Ana Beltranen jarrera kritikatu du.

Ruizek, bide beretik, euskaraz bizitzeko eskubidea ekarri du gogora: "Herritarrek eskubidea dugu bi hizkuntzatan artatuak izateko, eta hori ez bada betetzen funtzionario euskaldunak egotearekin, hori ez da beteko". Irmo egin du solas: "Batzuek bitrinan nahi dute euskara. Hizkuntza bizia izan dadin administrazioan ere bizirik egon behar du".

Ahal Duguko Perezek eskuinak darabilen inposizioaren argudioa lumatu du. "Inposizioa beste bat izan da, urte luzez UPNrekin ez dugu euskaraz bizitzeko aukerarik izan". Aurrera begira jarri da, horregatik. "Horren aurrean neurriak hartu beharko lirateke, ausartagoak izan eta koofizialtasunaren inguruan hitz egiten hasi behar dugu", esan du.

Haur eskolak, El mundo-n

El Mundo egunkariak Iruñeko haur eskolen afera ekarri du gogora, euskarazko bi zentro gehiago egotea kritikatuz. Artikuluan jasotakoak salatu ditu Perezek, eta Ahal Duguk "bi eta behar diren [euskarazko haur eskola] guztiak" babestuko dituela azpimarratu du.

Nafarroa "estatu auzia" da Ruizen irudiko eta horregatik erabili du Espainiako egunkariak. "[Eskuindarrei] iruditzen zaie aldaketa higatzeko hizkuntza politikaren afera erabiltzea ongi etortzen ahal zaiela", adierazi du, ahoan bilorik gabe.

Bestalde, aldaketaren kontrakoek egindako mobilizazioen afera paratu du mahai gainean Lakasta kazetariak eta soka luze horren hari muturratik tira egin du Geroa Baiko Solanak. "Jende gutxi eta hautesle asko" egon dira protesta horietan, haren hitzetan, "alarma soziala" piztu nahi dutela salatu du; haatik, "ez da erreala". Oharra gaineratu du, dena dela: "Ez dugu bistatik galdu behar".

Bermaturiko Gizarte Errentaren zirriborroaz

Egun indarrean dagoena baino "askoz hobea" da garatutako Bermaturiko Gizarte Errentaren Zirriborroa, Ruizen begietara, bai eta Solanaren, Perezen eta Ezeolazaren ustez ere. Ñabardurak egin dituzte, Geroa Baik ez beste denek, dena dela.

EH Bilduko kidearen ustetan, bi puntu daude hobetzeke. Bat: etorkinek urtebeteko egonaldiarekin aski zuketen, akordio programatikoaren arabera; egungo zirriborroan, baina, bi urte exijitzen dizkiete. Bi: kuotak kalkulatzeko gutxieneko soldata ez da aintzat hartu eta kontua izatea nahi dute. 

Bi urtez Nafarroan egoteko baldintza ezbaian jarri dute, era berean, Ezkerrak eta Ahal Duguk.

Geroa Baiko Solanak azaldu du haren taldearen jarrera -bi urte exijitzea defendatu du Geroa Baik-. EAEn hiru urte eskatzen dituztela esan du, eta, beraz, bi urte exijitzea "tarteko" neurria dela. Xehetasuna egin du, hala ere: "Ikusteke dago, ez dago itxita, baina iruditzen zait nahiko zentzuzkoa badela proposamena".

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!