Irakasleak kenduta, funtzionario postuen %0,6an baino ez dute eskatzen euskara

Euskalerria Irratia 2016ko otsailaren 24a

Irakasleak aintzat izanda, %8koa da euskaraz jakin behar duen funtzionarioen zenbatekoa; zifra txikia, kontuan hartuta biztanleriaren %13 elebiduna direla.

Lan Eskaintza Publikoa eta PAI aitatu ditu PPNko Ana Beltranek parlamentuan, eta gobernua "inposiziotik" lan egin duela salatu du, "ez askatasunetik eta borondatetik".

Hitz hartzea entzunda, erantzun egin dio Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik. Euskararen erabilpena arautzen duen foru dekretuak bi hizkuntzei trataera "desberdina" ematen diela salatu, eta "euskara erabiltzeko eskubidea bermatuko duen foru dekretu berria" iragarri du.

Hala, lanpostuen profil linguistikoa langile horiek herritarrekin duten harremanaren arabera finkatuko da, beti ere zonifikazioak markatutako mailaketa linguistikoa ardatz. Arregiren hitzetan, 2011ko mapa soziolinguistikoko datuak hartuko dituzte irizpide gisa.

Gai horren karietara, lanean ari direnen eskubideak "errespetatuko" dituzte, eta, nahi izanez gero, euskaraz formazioa jasotzeko ekintzetan parte hartu ahalko dute.

Euskara zaintzeko

Euskararen Plan Estrategikoa. Hiru hitz 2015tik 2019ra euskararen bide orria markatuko duen ipar orratza izendatzeko. Giltzarria izanen da, lan ildo hainbat markatuko baititu: euskararen transmisioa, bertako entitateekin eta hedabideekin egin beharreko lana, euskararen ondare materiagabea, helduen alfabetatzea, euskara irabazi asmorik gabe bultzatzen duten elkarteak laguntzea eta 2016 bitarte seigarren inkesta soziolinguistikoa gauzatzea. Habaler, Euskaltzaindiarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean ariko da Euskarabidea.

Euskararen Plan Estrategikoa aurtengo irailerako onartzea espero dute

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!