Administrazioarekiko harremanetan euskara eta gaztelaniarentzat antzeko trataera nahi du Euskarabideak

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 23a, 20:57
Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea.

Foru Dekretu berri bat eginen du legeak ezartzen duen zonifikazioa eta hizkuntza errealitatea aintzat hartuta.   

Ia bi orduko agerraldian Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak haien lan ildo nagusien aurkezpena egin du Parlamentuan, EH Bilduk hala eskatuta. Arregik gogora ekarri du “hiritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituen hizkuntza politika berria” aurreikusten duela Gobernua sostengatzen duten lau indarren akordio programatikoak.

Alde batetik Arregik nabarmendu du hiritarrak eta Administrazio publikoaren arteko harremanak arautzen dituen egungo dekretuak ez dituela berdin tratatzen euskara eta gaztelania. Hori dela eta beharrezkotzat jotzen du dekretu berri bat egitea, desberdintasun hori gainditzearren.  

Beste aldetik, Administrazio langileen hizkuntza profilak zehazterakoan, langile horien hiritarrekiko harremana izanen da abiapuntua. Horrekin batera 2011ko Euskararen mapa soziolinguistikoak erakutsitako egoera eta Euskararen Legeak ezartzen dituen eremuen araberako mailaketa aintzat hartuko dituztela adierazi du.

Arregik zehaztu duenez gaur egun Nafarroako Gobernuan lanpostuen %0,6an baino ez da eskatzen euskara jakitea. Kopuru hau %8koa da irakasleen postuak gehituz gero.

Nafarroako Gobernuak Euskararen Plan Estrategikoa abian jarriko duela eta irailean onartua egotea espero dutela iragarri du Mikel Arregik. 2016tik 2019ra arteko iraupena izanen du eta hizkuntzaren transmisioa, toki entitateekiko elkarlana, komunikabideen sustapena edo hizkuntza ondare immateriala ezagutzera ematea izanen dira lan ildo nagusiak.

Euskarabideko Zuzendariak esan du aldaketa hauek gauzatzeko ez direla baliatuko Parlamentuan duten gehiengoaz eta eskua luzatu die beste indar guztei plangintza berriari haien ekarpenak egitera.

“Hizkuntza politikari buelta eman behar zaio”

Arregiren hitzak aditu ondoren, Dabid Anaut EH Bilduko eledunak adierazi du beharrezkoa dela “hizkuntza politikari buelta ematea”.  “Urratsak emateko behar diren baldintzak badira eta horrela egiten ari garela” uste duela gaineratu du. “Akordio programatikoan gai hauen inguruko 19 puntu daude eta haiek gauzatzeko bidea planifikatu egin behar da” Anauten ustez. Modu berean Euskarabideari ohartarzi dio  “presioa eta zarata izanen dituela inguruan, egin behar duen lana oztopatzeko”.

Bere aldetik Iñaki Iriarte UPNko eledunak “eztabaida zibilizatua eta inposiziorik gabea” eskatu du.  Eta bere kezka azaldu du “Administrazioa euskalduntzeko asmoa izan daitekeelako, hiritarren eskubideak bermatzearen aitzakian” eta honi gaineratu dio badela “D eredutik datorren jendez Administrazioa betetzeko arriskua”.

 

Geroa Bairen izenean  María Solanak baloratu du Euskarabideak batere politizaturik ez dagoen lan planteamendua egin duela, eta Geroa Bairen asmoa dela hizkuntza honi prestigioa ematea. Gobernuaren aldeko indar guztiak aurrera jarraitzera animatu ditu Solanak gehiengoaren sostengua dutelako, baina “adostasuna ezinbestekoa dela” azpimarratuz. Bukatzeko "Euskararen aldeko ituna” eskatu du Solanak. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!