Poliziaren jarduna arautzen duena, eskuin muturrak edota poliziak eragindako biktimei buruzkoa, Nafarroako lurraldean frackinga erabiltzea debekatzen duena, etxebizitza eskubidea bermatzeko premiazko neurriak ezartzen dituena, eliza katolikoa zenbait zerga ordaintzera behartzen dituena eta Nafarroako biztanle guztiei doako osasun sistemara sarbidea bermatzen diena lege horien artean daude. Gehienak –hamazazpitik hamahiru– 2012tik aurrera onartutakoak dira.
Ekimena bultzatu duten aldaketaren aldeko indarrek azpimarratu dutenez Moncloak “sistematikoki” erabiltzen du Konstituzio Auzitegia nafar legediaren aurka jotzeko “helburu politikoak lortzeko” asmoz.
EAJko Aitor Estebanen ustez, Espainiako Gobernuak helegite horiek aurkeztu izana estatu eredua ezbaian dagoelako adierazle dira. Egoeraren desoreka ere salatu du Estebanek: “Estatuak helegite bat aurkeztutakoan, erkidegoetako araua berehala geldiarazten da, baina alderantzizko kasuetan ez da gauza bera geratzen”.
Ekinbidea erregistratu ondoren Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak esan duenez, Espainiako Gobernuaren jarrera "onartezina" da: "Nafarroako gehiengo sozial-politikoaren aurka ari da". Halaber, espero du "gaurkoa lehen urratsa izatea euskal herritarren defentsan lau indarren artean izaniko elkarlanean".